EHUko agintariek zabaldutako oharrean irakur daitekeenez, "gero, pertsona horiek oldarka sartu dira eraikin bereko beheko solairura, zehazki enpresa mintegiaren eta galdara gelaren eremura, horrek dakarren arriskuarekin. Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak ertzainei deitu die, eta haiek etorri, oldartzaileak kanporatu eta bost pertsona identifikatu dituzte, tartean atea haustearen eta oldarraldiaren erantzule zuzenak".
Euskal Herriko Unibertsitateak "erabat" gaitzetsi ditu "indarkeriazko jokabideok" eta berriro ere adierazi du "pertsona guztien adierazpen askatasunaren alde" dagoela. "Inor ezin da indarraz baliatu edo unibertsitateko lokaletara oldarka sartu. Unibertsitatea, zalantza barik, eztabaidarako tokia da, ideiak erkatzekoa, askotariko proiektu politiko eta sozialak aurkeztekoa, baina inork ez dauka inolaz ere zilegitasunik indarkeria erabiltzeko", kritikatu dutenez.
Amaitu dutenez, "unibertsitatearen eremuan gutxiengo batzuek indarkeria erabiltzen duten bitartean, EHUko errektore-taldeak jarraituko du bermatzen pertsona guztien oinarrizko eskubideak, askatasun publikoak eta segurtasuna errespetatzen direla; irakaskuntza eta ikerketa lana normaltasunez egiten dela; eta euskal gizarteak unibertsitatearen esku jarritako ondare eta baliabideei kalterik egiten ez zaiela".