Erika Bilbaoren epaiketaren harira, tortura gaitzetsi du Leioako Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 6a, 13:15

Leioa Libre plataformaren ekimenez EH Bilduk aurkeztutako urgentziazko mozioa onartu zuen apirilaren 28an Udalbatzak. Maiatzaren 17an, Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den Erika Bilbao Barcenaren kontrako epaiketaren harira, tortura gaitzetsi eta ekinbide politikoaren zilegitasuna aldarrikatu zuen udal erakundeak. EAJ, Esnatu Leioa eta EH Bildu alde azaldu ziren; PSE-EE eta PP, aurka.

Miatzaren 17an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Erika Bilbao eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa; Ekin erakundeko kide izatea egotzita, Estatuko Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu du leioaztarrarentzat. Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Bilbao (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritarrak. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak.

Besteak beste, joan den zapatuan, apirilak 30, agerraldi publikoa egin zuen Leioa Libre plataformak, Erika Bilbao Barzena eta beste 8 pertsona "pairatutako torturapean oinarritutako epaiketa politikoa" salatzeko. Udalbatzan mozioa aurkezteaz gainera, beste hainbat mobilizazio planteatzen dituzte: maiatzaren 14an, zapatua, herri-babes ekitaldia egingo dute, zeinean herritarren artean zabaldutako atxikimenduen berri emango duten. Maiatzaren 17an, berriz, manifestazio bat egingo dute Leioan.

Mobilizazioak

Maiatzak 14, zapatua
Libre Eguna, Aldapako anfiteatroan.

  • 17:30 Umeentzako tailerrak.
  • 18:00 Kalejira, Plaza Gorritik abiatuta.
  • 19:30 Babes-ekitaldia.
  • 21:00 Kontzertuak.

Maiatzak 17, martitzena

  • 20:00 Manifestazioa, Boulevardetik.

Leioa Librek apirilaren 30ean irakurritako adierazpena:

Heldu den maiatzaren 17an 9 euskal herritar, tartean gure herrikide eta laguna den Erika Bilbao Barzena, Ekin antolakundeko zuzendaritzaren kide izatearen salaketapean epaituak izango dira. Zehazki, epaiketa maiatzaren 17an hasi eta ekainaren 2ra arte luzatzea aurreikusten da.

Gaurkoan hemen azaltzen garen pertsonak epaiketa honen aurrean, zein auziperatutako gainerako kide guztiek gure herrikidea den Erikak pairatu duen eta oraindik ere pairatzen ari den sufrimendu eta injustiziaren aurrean gure ahotsa altxatu nahi dugu eta gure ardura eta konpromisoa adierazi nahi dugu.

Erika maite dugu eta maite dugulako bere sufrimenduak sufriarazten gaitu baita gu ere, baina horretaz gain Erika pairatzen ari den injustiziak konpromisoz jokatzera garamatzan haserrea eragiten digu, haserrea bai, injustiziak eragindako haserrea, guk ordea, ardura eta konpromiso bilakatzen duguna.

Egia esan, Estatu espainolaren botere ezberdinek (polizia, epaileek, gobernuak, ....) Erikarekin egin dutena injustizia edo bidegabekeria izan dela esatean hitz hauek adierazten dutena aski-eza egiten zaigu sentitzen eta pentsatzen duguna adierazteko.

Erika 2010eko iraileko goizalde batez atxilo eraman zuten, goizalde batez goraino armatuta zihoazen hamarnaka poliziak bortizki asaltatu zuten Erikaren etxea eta bere intimitatea, poliziarekin batera hedabideak ere azaldu ziren bere intimitate, eta errugabetasun printzipioaren eskubidea are gehiago urratzeko, hamarnaka poliziak bere etxean zehar barreiatuta ibiltzeak guztiz ezinezkoa egin zuen idazkari judizial, zein atxilotu eta balizko lekukoak bertan izango zituen miaketa ordenatu bat egitea. Erikak etxebizitza finkoa, hipoteka, familia, lan finkoa zuen (Leioako komertzio batean)! Zergatik ez zuten deklaratzera zitatu atxilo eraman beharrean? Ez zegoen bera atxilotzeko, are gutxiago goizaldeko ordu txiki eta modu bortitz zein ikusgarri horretan atxilotzeko inongo arrazoirik!

Guk argi dugu deklaratzera zitatu beharrean zergatik atxilotu zuten, argi dugu atxilotu zutela ondoren bost egunez inkomunikatu eta torturatu ahal izateko. Lehen esan dugu injustizia hitza labur gelditzen zaigula sentitzen duguna adierazteko, eta errez asko ulertuko duzue zergatik esaten dugun hau, errez asko ulertu nola sentitzen garen Erikari honako hitzak entzutean: "buruan plastikozko poltsa bat jarri zidaten eta lepoan estutu, ..., oihuek, galderek eta kolpeek ez dute etenik, ..., buruan kolpe bat ematen didate eta lurrera erortzen naiz, ..., erdi zorabiatuta nago, ..., une horretan geldirik mantentzea lortuz gero hiltzea lortu dezakedala pentsatzen dut, guztia amaitzea horrela, hiltzea desio dut".

Birrinduta utzi zuten, eta birrinduta Euskal Herritik milaka kilometrotara espetxera bidali zuten; imajinatu dezakezue zer gogorra den Erika maite dugunontzat, inkomunikazio-aldia bukatutakoan espetxera heldu zenean zoriontasuna edo zoriontasun sentimenduaren oso antzeko zer edo zer sentitu zuela entzutea, zoriontasuna kartzelaren atarian inkomunikazio-aldian sufritutako tortura, min eta izuak atzean uzten ari zelako.

Eta kartzelatu zuten, zergatik kartzelatu zuten? Horixe galdetzen dugu guk, zergatik kartzelatu ihes egiteko arriskurik batere ez bazegoen, bizitza guztia goitik behera herrian eta bere senide eta lagunekin antolatua baitzuen. Zergatik kartzelatu zuten?

Beraiek jarri zuten Erikaren bizitza proiektu guztia hankaz gora 2010eko iraileko goizalde horretan, bi urte egin zituen kartzelan behin behineko espetxealdian, bi urte Leioatik milaka kilometrotara, senide eta lagunok milaka kilometro egin behar izan ditugu bera ikusteko, astebururo errepideetako arriskuez betetako milaka kilometro, kostu ekonomikoa, kostu emozionala, ... Pertsonen bizitza ez da egunen joan etorri hutsa, guztiok ditugu ametsak, guztiok ditugu proiektuak, guztiok ditugu espektatibak, Erikari hau guztia bidegabeki ukatu egin diote, sei urte daramatza bere bizitza proiektua egiteko ezinean. Sei urte itxaroten, fiskaltzak 9 eta 12 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatzen dion epaiketari itxaroten!

9 eta 12 urte bitarteko kartzelatzea bere sumario osoan zehar izaera bortitzeko egitate bakar bat bera ere izan ez arren! (ez pertsona ezta ondasunen aurkakorik ere), sumarioan duten froga bakarra bilera politikoak egitea eta dokumentu politikoak izatea baino ez da (non -berriro diogun – ez dagoen inolako ekintza bortitzaren ez planifikaziorik, ezta agintzerik, ezta justifikaziorik ere), zer zuzenbide estatu da jarduera politikoa egitea kartzelaz zigotzen duena? Injustizia besterik ez da.

Azken honi dagokionez, alegia, Erikaren jarduera eta iritzi politikoaz hemen gaudenok nork bere iritzia izango dugu, pertsona guztiekin bezala gauza batzuetan guztiz ados egongo gara, beste gauza batzuetan batere ez, eta beste batzuetan partzialki, baina argi dugu Erikak, gutako bakoitzak bezala, eskubide osoa duela jarduera politikoan aritzeko, eta beraz, bere kontrako epaiketa gu guztion eskubide zibil eta politikoen kontrako epaiketa bezala ulertzen dugu.

Guzti honengatik, Erika libre Leioako plataformatik Erika eta sumario honetako gainerako lagunek pairatu duten tortura eta giza eskubideen urraketa salatzen dugu, ekinbide eta jardunbide politikoaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu, eta maiatzaren 17an abiatuko den epaiketa behin betiko bertan behera geratzea eskatzen dugu, torturapean egindako adierazpen eta salbuespeneko legeetan oinarritua dagoen auzi politikoa den heinean; edozein kasutan, bederatzi euskal herritar hauen absoluzioa eskatzen dugu.

Gure aldarrikapenak ezagutzera emateko, eta aldarrikapen hauekiko sozializazio eta atxikitzea lortzeko dinamika herritarra abiatu dugu. Dinamika honen lehen ekimenak honako hauek dira:

  • Honezkero Leioako Udalak bere egin duen Erikak pairatutako tortura eta bidegabekeria guztien salaketa egiten duen mozioa sustatu dugu
  • Herriko taberna eta komertzioetan bere aldeko kanpaina sustatu dugu (gogoratu behar baitugu Erika atxilotu zutenean herriko komertzio batean lan egiten zuela)
  • Herritarren artean atxikimendu bilketa egiten ari gara
  • Kamisetak eta bonuak saltzen ari gara, azken batean ezin dugulako aipatu gabe utzi auzi honek dakarren kostu ekonomiko izugarria.
  • Maiatzaren 14an herri babes ekitaldia egingo dugu hemen berton non besteak beste herritarren artean zabaldutako atxikimenduen berri emango dugu
  • Maiatzaren 17an manifestazio bat egingo dugu Leioan
  • Eta nola ez, ezin ahaztu eta aipatu gabe utzi, Erika izatez erandioztarra izanik eta Erandion ere ehunaka lagun izanik, Erandion ere osatu den Erika Libre plataformarekin batera lantzen ari garen bestelako dinamika eta deialdiak (gaurkoan plataforma horretako zenbait kide ere badira).

Bukatzen joateko dei egin nahi diegu leioaztar denei ahal duten heinean, eta hoberen datorkien moduan gure aldarrikapenokin bat egiteko.

Eta orain bai, azkenengo hitzak Erikari berari luzatu nahi dizkiogu: mila esker Erika, harro gaude zutaz, harro gure eskubideen alde tinko azaldu zarelako beti, zure printzipioak beti aurretik jarri dituzulako beti, horregatik Eri, benetan, bihotzez harro gaude, mila esker guretzako zaren eredu izateagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun