Erika Bilbaoren eta beste zortzi herritarren epaiketaren kontrako kanpaina abiatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 16a, 12:29

Erika Bilbaogaz (atzean zutik, eskuinean) batera, auziperatu denek parte hartu zuten atzoko prentsaurrekoan. © BLM - 9AK LIBRE

Maiatzaren 17an bederatzi euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, Ekin antolakundeko zuzendaritzaren kide izatea egotzita (8/2013 sumarioa). Zehazki, epaiketa, maiatzaren 17an hasi eta ekainaren 2ra arte luzatzea aurreikusten da. Auzipetutako lagunen artean dago Erika Bilbao Barcena leioaztarra; Estatuko Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu du berarentzat. Hala, 8/2013 sumarioko auzipetuek eta Eleak/Libre mugimenduak informazio-, salaketa- eta mobilizazio-kanpaina abiatzea erabaki dute, "Basque Lives Matter, #9ak libre!" lelopean.

Atzo emandako prentsaurrekoan auziperatuek adierazi zutenez, "Basque Lives Matter" leloa eta ideia jendarteratu gura dute, AEBetako komunitate beltzek gehiegikeria polizialen aurka eta oinarrizko eskubideen alde abiatutako ekimena gurera ekarriz; "mugimendu horren filosofia gure errealitatera egokitu gura dugu", gaineratu dute. Hori horrela, balore-unibertsalak aldarrikatuko dituzte: "torturaren behin betiko amaiera, eskubide zibil eta politikoen defentsa, giza eskubideena oro har... baina balore unibertsal horiek gure partikulartasunetik defendatuko ditugu. Izan ere, AEBetan afroamerikar komunitatea beltz izateagatik zanpaturik bizi den bezala, gure kasuan euskal herritar izateagatik atxilotu, torturatu eta espetxeratu baikintuzten; eta euskal herritar izateagatik epaituko gaituzte", azaldu dute auzipetuek.

Euren buruen kontrako erruztapenetan oinarrituta

Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte herritarrek atzo salatu zutenez, "legez kanporatzeen politikan eta torturapeko autoinkulpazio nahiz heteroinkulpazioetan oinarritutako epaiketa da" maiatzaren 17an hasiko dena. "Horregatik diogu: epaiketa hau ez litzateke egin behar", esan zutenez. Akusatuen berbetan, "gure aurkako frogak torturaren bidez derrigortutako erruztapenetan oinarrituta daude. Hor dute abiapuntua, eta fiskalaren eta akusazio partikularren salaketak torturei esker eraiki dituzte; torturapeko deklarazioak erabili dituzte gure aurkako zigorra eskatzeko. Beste behin ere, auziperatuok gure atxiloketa, tortura, espetxeratzea eta, orain, epaituak izatea salatzen dugu. Euskal Herriaren aldeko gure militantzia politikoa zigortzea helburu, besterik ez duen prozesua da honakoa".

Beste alde batetik, "terrorismoaren etiketapean, militantzia sozial eta politikoen kondena" salatu gura dute. "Kondena, bai, aspaldi hasi ginelako zigorra ordaintzen. 2010ean atxilotuak, inkomunikatuak eta torturatuak izan ginen. Orotara, ia bi urte eman genituen behin-behineko espetxealdian, bataz beste Euskal Herritik 500 kilometrora dispertsatuak, gainera, xahuketa ekonomikoa eta behin behineko askatasun egoerak sortzen duen etorkizunarekiko ziurgabetasun erabatekoa (epaiketa noiz helduko zain egoteak edozein proiektua eraikitzeko erabat baldintzatzen gaituelako) pairatu behar izan ditugu. Epaiketa berak suposatuko digun kostua eta xahuketa ekonomikoa (45.000 euro inguru) guztiz salagarriak iruditzen zaizkigu. Eta hau gutxi balitz, hau guztiak guri zein gure ingurukoei eragindako ondorio eta kostu psikosozial, emozional eta humanoa ere azpimarratu behar dugu", azaldu dute.

Halaber,  oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa eta edozein jarduera politikoaren zilegitasuna aldarrikatu gura dute; "nork bere amets eta proiektu politikoaren alde, askatasun osoz, jarduteko eskubidea" aldarrikatu gura dute.

Erika Bilbao Barcena

Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika Bilbao Barcena leioaztarra eta beste zortzi euskal herritar. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak. 2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik. Hain zuzen ere, otsailaren 11n, Leioa Libre ekimenak "Atera gabeko arantzak. Garbitu gabeko zauriak" dokumentala aurkeztu zuen Kultur Leioako entzungelan. Torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat dokumentala: Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak horretaz berba egiten du ikus-entzunezkoan eta Erika Bilbao bera elkarrizketatzen du horren inguruan. Leioaztarraren psikologoa da Barrenetxea. Martxoaren 4an Astrabuduko Josu Murueta kultur-etxean eman zuten dokumentala.

Bestalde, otsailaren 12an, dozenaka herritarrek parte hartu zuten Leioan egindako eskualde mailako manifestazioan; Boulevardetik abiatu eta toki berean amaitu zuten, ekitaldia eginez. "Torturarik ez! Erika libre!" goiburupean, leioaztarrak maiatzean izango duen epaiketa salatu zuten mobilizazioan zehar; "torturen bitartez, euren buruen kontra egindako zein gainontzeko atxilotuek kontrako erruztapenetan oinarrituta daude akusazioak", adierazi zutenez.

"Basque Lives Matter, #9ak libre!" kanpaina:

  • "BLM, 9ak LIBRE!" bideoaren zabalpena sare sozialetik. Itziar Bastarrikak eta Bernat Alberdik egindakoa, Garazi San Martinen parte hartzeagaz.
  • Instituzio-publiko eta eragile sozialakaz elkarrizketa garatuko dute, haien posizio politikoa ezagutzeko eta eskubide zibil eta politikoen defentsan konpromisoak lortzeko. Izan ere, jada Nafarroako eta EAEko legebiltzarretan, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Emakunde, Nafarroako eta EAEko ararteko zein Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiagaz bilerak eskatu dituzte; datozen asteotan aipaturiko instituzioetan elkarrizketa sustatuko dute.
  • Era berean, herritarren babesa eta konpromisoak lortze aldera, agiri bat plazaratuko dute eta horren aldeko atxikimendu kanpaina abiatuko dute.
  • Halaber, zenbait udaletan, argitaraturiko agiriaren aldeko mozioak aurkeztuko dituzte.
  • Bestalde, EHUko Ibaetako campusean berbaldi bi egingo dituzte: apirilaren 27an torturaren inguruko mahai-ingurua egongo da; Paco Etxeberriak, Jon Mirena Landak eta Lorea Bilbaok parte hartuko dute. Maiatzaren 5ean, berriz, makro-epaiketen inguruko saioa egingo dute, besteak beste, Iñigo Iruin abokatuaren parte hartzeagaz.
  • Bestetik, maiatzean zehar kaleko mobilizazio ezberdinak egingo dituzte (datak zehazteke); baita lekuan lekuko bazkari herrikoiak eta dirua biltzeko bestelako ekimenak ere.
  • Bukatzeko, Black Lives Matter kolektiboaren zenbait kideakaz harremanetan daude eta euren kanpainan moduren batean parte hartzea aurreikusten dute.

"BLM, 9ak LIBRE!" bideoa:

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun