Lamo de Espinosa epailearen esanetan, aldez aurreko diligentzietan ikertutako gertaerek adierazten dute ustezko delituak egon zirela; frogatutzat ematekotan, 4 eta 10 urte arteko espetxe-zigorra ekarriko lioke akusatutako irakasleari. Hala ere, adituek diotenez, sei edo zortzi hilabete igaro daitezke epaiketa egin arte. Dirudienez, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Fiskaltza akusazio publikoa izango litzateke, gertaerak ezagutu zirenean adierazi zuten moduan.
Orain urte batzuk, ustez sexu-abusuak egin zizkion Gaztelueta ikastetxeko irakasle batek orduan 12-13 urteko ikasleari. Familiak salaketarik ez jartzea erabaki zuen, adingabea erabat abailduta zegoenez auzia jasateko moduan ez zegoelako (tratamendu psikiatrikoa jasotzen omen dabil oraindino). Hala ere, mutikoa adin-nagusi egin zenean, sendiak kereila aurkeztu zuen Getxoko Instrukzioko epaitegian. Hilabete askoko prozesuaren ostean, irakaslea auziperatzeko zantzuak daudela ebatzi du epaileak.