Leioako XVII. Umore Azokako epaimahaiak Vendaval, Philo&Jole eta Larrua konpainiak saritu ditu. Antolatzaileek bihar egingo dute jaialdiaren eta lau egunetan egondako publiko-kopuruaren inguruko balorazioa. Barikuan, Kukai dantza-konpainiari eman dio aurtengo ohorezko saria Leioako XVII. Umore Azokak.
"Teknika landu bati esker dramaturgia, konpromisoa, arriskua, antzerkia eta dantza orekaz batu, eta publikoaren emoziorik sakonenak pizten dituelako" saritu du Vendaval taldearen "Soif/Sed" lana Kale Ikuskizunik Onenaren Sariagaz.
Philo&Jole konpainiak Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria jaso du "Mr. Pichichi" obragatik, "kale arteen funtsera heltzen den pertsonaia sortu, eta umorea, inprobisazioa eta publikoarekiko harremana uztartuz inguruarekin jolasteko duen maisutasunagatik".
Azkenik, Larrua konpainiarentzat izan da Artista/ikuskizun Berri Onenaren Saria "Larrua" lanagatik, "breakdance-an eta dantza garaikidean oinarritutako lengoaia propioa eraikitzeagatik eta dantzariek lortutako batasunagatik".
Epaimahaia
Zapatu gauean bildu ziren azken erabakia hartzeko epaimahaiko zazpi kideak: Filgi Claverie (Hameka eta Lapurdiko Harri Xuri sorkuntza fabrikako arduraduna), Gerald Fannon (San Cugateko Teatre-Auditori jaialdiko arduraduna), Jordi Gaspar (Reuseko Feria de Circo Trapezi jaialdiko eta L’Estrucheko La Vela zirku-egoitza zentroko arduraduna), Anna Giribet (Fira Tárrega jaialdiko programazio-teknikaria), Elena Ros (Ikuskizun-ekoizle eta banatzailea), Nando Piñeiro (Donostia kulturako Egia-Gasteszena-ren programatzailea), eta Javier Alcorta (Araiako Humore jaialdiko zuzendaria).