Sabino Arana kalean oinezkoen erabilera lehenestea eskatu diote Leioako Udalari

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 6a, 13:26

Gaur eman dute prentsaurrea Esnatu Leioak, EH Bilduk eta Auzotik elkarteak. © LEIOAKO EH BILDU

EHUko tranbia Sabino Arana kaletik pasatzeari buruzko eztabaida herritarra eta teknikoa burutu arte, proiektua atzeratzea eskatu diote Esnatu Leioak, EH Bilduk eta Auzotik elkarteak Udalari. Euren ustez, tranbia egitea eta kalea oinezkoentzat jartzea "kontrajarriak" dira. Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 31n eman zion oniritzia ETS Euskal Trenbidea Sarea eta Leioako Udalaren arteko elkarlanari; Sabino Arana kalea konpondu ostean, tranbia jartzeko lanak egin gura dituzte.

Sabino Arana kalearen egungo egoeraren inguruan dagoen "kezka eta eztabaida", bere hondatze-egoera eta tranbia bezalako udalerriz gaindiko mugikortasun-plangintzen aurreko "mendekotasuna" ikusita, prentsaurrekoa eman dute gaur Esnatu Leioak, EH Bilduk eta Auzotik bizilagunen elkarteak. "Politiko eta herritarrok premiazkotzat jotzen dugu Udalak eztabaidaren funtsezko hainbat osagai kontuan har ditzala", adierazi dutenez. Euren berbetan, "tranbia Sabino Arana kaletik edo Udondoko bulebarretik pasatuko balitz biek ala biek oinezkoentzako hiribideak izateari utziko liokete". Alderdi politiko bien eta auzokideen elkartearen ustez, "garraio-alternatiba ezberdinak daude, herritarren beharrak asetzeko tranbia baino eraginkorragoak direnak".

Ildo horretan, Sabino Arana kalea oinezkoentzat jartzearen aldeko apustua berretsi dute; kale horren birmoldaketa-proiektuak "oinezkoen erabilera lehenestea" eskatu dute. "Horrela, gure herriaren erdigune fisiko eta neuralgikoa denaren erabilpen atsegin eta kooperatiboa bultzatuko genuke leioaztarron artean", diotenez. Aldi berean, oinezkoentzako gune publiko berri hori martxan jartzea, "Leioan beharrezkoa den jasangarritasunaren alde" emango den lehen urratsa izan dadila eskatu dute.

Aparkalekuak eta trafikoa

Bestalde, etxebizitzetan aparkatzeko tokirik ez daukaten Sabino Arana kaleko auzokideen aparkaleku gabeziaren arazoari irtenbideak bilatzea exijitu dute. Zentzu horretan, ibilgailu-sarbide bakarra auzokideena eta zerbitzu-ibilgailuena izan dadila gomendatu dute.

Amaitu dutenez, "Sabino Arana kalea aste-akabuetan trafikoari ixten hastea eskatzen dugu une honetatik bertatik; "baimenak eta erraztasunak eman behar dira kaleak jendarte-jarduerez (oinezkoen erabileragaz bat datozen kirol ekintzak, formatu txikiko musika saioak, baserritarren merkatuak…) bete daitezen" azaldu dutenez. Diotenez, "horrela, herritarrok elkar ezagutzeko eta harremanetan sartzeko lasaitasun eta irisgarritasun baldintza egokiak sortuko lirateke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun