Leioako Sabino Arana kalea atontzeko bi milioi euro jarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 24a, 16:00

Egoera txarrean dago Leioako Sabino Arana kalea.

Agintari leioaztarrek martxoko udal aldizkarian jakinarazitakoaren arabera, tranbiaren proiekturako aspalditik aginduta zeuzkan bi milioi euroko laguntza ematea onartu du Eusko Trenbide Sareak; Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak jarritako dirua Sabino Arana kalea konpontzeko erabiliko dute. Diru horren truke, aparkatzeko 99 leku 1,6 milioi euroan erosi izana egotzi dio EH Bilduk Udalari; EAJko zinegotzi Iban Rodriguezek hala denik gezurtatu du.

Hala ere, Iban Rodriguez alkateordeak aitortu duenez, kale hori atontzeko "hiru milioi euro baino gehiago" beharko dira; "leioaztar denon poltsikotik atera beharko da falta den dirua". Udal agintariak azaldu duenez, proiektua idazten dabiltza orain. Hori amaitutakoan, Sabino Arana kaleko bizilagun eta merkatariakaz "partaidetza-prozesua" abiatuko dute, "Luis Bilbao Libano kaleagaz egin zen bezala". "Espero dugu proiektuaren lizitazioa ahalik eta arinen egin ahal izatea", gaineratu du Rodriguezek. Besteak beste, lur-azpiko kanalizazioak hobetu, eta, neurri batean, kalea oinezkoentzat egokituko dute. Izan ere, ibilgailuak garajeetara sartu eta atera, eta zamalanak egin ahal izango dira bakarrik, konponketen ostean.

Leioako EH Bilduk ere parte-hartze prozesua iragarri zuen otsailaren bukaeran, Sabino Arana kalearen etorkizuna herritarrek erabaki zezaten.

Leioandiko aparkalekuak

Leioandin, aparkatzeko 99 leku Visesari 1,6 milioi euroan erostea erabaki du orain gutxi Udal Gobernu Taldeak. Ekimen hori Sabino Arana kalea konpontzeko Jaurlaritzak egingo duen bi milioi euroko aurrerapenagatik hartu izana gezurtatu du Iban Rodriguez EAJko zinegotziak, EH Bilduk esandakoa ezeztatuz. Koalizio ezkerzalearen arabera, "herriaren erdigunean eta beste hainbat auzotan beharrezkoagoak dira" aparkatzeko lekuak. Rodriguezen arabera, ordea, Leioandin 400 etxebizitza eraikitzen dabiltza; horiekaz batera egingo dituzten aparkatzeko 500 lekuak "ez dira nahikoak" bertara bizitzera joango diren lagunentzat. Erositako aparkaleku denak salgai ipiniko ditu Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun