Uribe Kosta jaietan 2016

Ondizen andramariak, prest!

Ondizko jaietako bakailao txapelketa, artxiboko irudian. © LEIOAKO UDALA

Bihar, irailaren lehenengo barikuan, abiatuko dira Ondizko jaiak, Ondiz baselizaren ondoko larretan; Udalaren Kultur Arloak zuzenean kudeatzen dituen Leioako auzo jai bakarrak dira. Ondizko egitarauan, tradizio handiko ekimenak izango dira aurten ere.

Berbarako, barikuan, etxafuegoa jaurtiko dute, eta txikienek gozatuko dute inguruaz: asteburu horretan egunero jolasteko izango dituzte ekintzak, puzgarriak eta tailerrak. Sardina-janak eta erromerien doinu gozoek zabalduko dituzte aste-akabu horretako gauak.

Halere, egunez zer gozatu ere izango da, tartean domekako tradizio-ekitaldiak: meza, ohorezko aurreskua, Leioako kirol-taldeen lore-eskaintza, eta gizonezkoen zein emakumezkoen Bizkaiko Aurresku Txa­pelketak, alegia; iaz, gizonezkoetan, txapel biak Leioan geratu ziren, Ander Navarro eta Josu Marcosen buruetan. Bigarren asteburuan, idi-probak izango dira ikusgai edota mintzagai, eta errepikapenean, ohiko bakailao txapelketak eta erromeriak auzotarrak eta inguruko herrietako biztanleak erakarriko dituzte.

Egitaraua

Irailak 2, barikua

  • 18:00    Txupina, haur-ekintzak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 20:00    Sardina-jana.
  • 23:30    Erromeria eta mozorro lehiaketa.

Irailak 3, zapatua

  • 19:00    Haur-ekintzak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 22:30    Ordain-kontzertua.
  • 23:30    Disko-erromeria.

Irailak 4, domeka

  • 10:00    Meza, ohorezko aurreskua, eta Leioako kirol-kluben lore-eskaintza.
  • 18:00    Haur-ekintzak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 19:00    Emakumezkoen Ondizko IX. Aurresku Txapelketa eta Bizkaiko 56. Aurresku Txapelketa.

Irailak 8, eguena, Andra Mari

  • 11:00    Kalejira txistulariakaz.
  • 12:00    Meza eta ohorezko aurreskua.
  • 13:00    Nagusientzako luncha.

Irailak 9, barikua, Andra Maritxu

  • 11:00    Kalejira txistulariakaz.
  • 12:00    Meza eta ohorezko aurreskua.
  • 19:00    Idi-probak.

Irailak 11, domeka, errepikapena

  • 08:00    Txapelketa: bakailaoa, bizkaitar erara; lursailen zozketa.
  • 10:00    Kalejira txistulariakaz.
  • 13:00    Leioako Musika Banda.
  • 14:30    Kazolen aurkezpena.
  • 16:00    Igel-toka eta kuartan txapelketa.
  • 18:00    Sari-banaketa eta erromeria.

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun