Gaztelueta Ikastetxeak sexu-erasoen salaketa ukatzera "bultzatu" ditu ikasle eta irakasleak

ARGIA.EUS 2017ko urt. 25a, 10:15

Gaztelueta ikastetxeko sarrera. ARGIA.EUS

Leioako Gazteluetako ikasle batek irakasle bat salatu zuen 2015ean, sexu erasoak egitea leporatuta. "El Diario" egunkariak argitaratu duenez, ikastetxeak 25 ikasle eta irakasle "bultzatu" zituen salaketa ukatzen duen dokumentu bat sinatzera. Ikaskide batek, ostera, arrazoia eman dio biktimari.

Gaztelueta Opus Deiko ikastetxeak "eskura zituen bideak erabili ditu irakasleak egindako delitua estaltzeko". Horrela jasotzen du ikaslearen salaketak. Zehazki, salaketa ukatzen duten 25 akta dauzka Emilio Lamo de Espinosa epaileak. Biktimaren sendiaren arabera, ikastetxeak hainbat ikasle eta irakasle "bultzatu" zituen dokumentu horiek sinatzera, "J.M.M.S irakaslearen irudia garbitzeko asmoagaz". Espainiako Estatuko autoritate handiko familia bateko kidea da salatua.

Imanol Goyarrola Gazteluetako zuzendariak adierazi duenez, "hasieratik eman diote sinesgarritasuna salaketari". Bestalde, ikastetxeak azaldu du "harridura handiagaz eta mesfidantzagaz" hartu zituela akusazioak.

Ikerketa judiziala abiatu eta hilabete batzuetara sinatu zituzten 25 aktak, 2015eko abenduan. Horien arabera, "J.M.M.S irakasleak ikasleak errespetatu egiten zituen erabat". Biktimak azaldu zuenez, erasoak tutoretzak egiten zituzten bulegoan gertatu ziren. Baina, dokumentuetan sinatu dutenez, "edonork" erabil dezake bulego hori, eta "ez da inoiz barrutik itxita egon".  

Biktimaren ikaskide izandako batek, ostera, isiltasuna apurtu eta salaketak dioena baieztatu du. Deklarazioak egin ditu lekuko modura, eta azaldu du salatzaileak gainerakoek baino tutoretza gehiago eta luzeagoak izaten zituela: "hilabetean hamabost minutuko tutoretza bat edo bi izaten genituen. Berak, ordea, astean hiru bat izaten zituen, eta ordu betekoak". Horrez gainera, adierazi du ikasgelan denek egiten ziotela burla biktimari, irakaslearen bikotea zela esanez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun