Ekintzaren egileek "barkamena" eskatu diete kalteren bat jaso duten langileei eta ikasleei

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 15a, 13:03
"Ikasle borrokaz, geurea eraiki" goiburupean, manifestazioa egin zuten azaroaren 24an ehunaka ikaslek.

Atzo Gizarte eta Komunikazioa Zientzien Fakultatean gertatutakoari buruzko ohar bat jaso du Leioatik! Leioako campuseko ikasle-proiektu komunikatiboak. Bertan aipatzen denez, "petardo bat eta ke-pote bat" baino ez zituzten bota; "izan ere, suaren alarmak aktibatzea zen helburua, ikasleen atentzioa deitu eta martxoaren 23ko greba-deialdia zabaltzeko". Gaineratu dutenez, "ekimenak ez zuen pertsonen aurka egiteko inolako helbururik". Hala, "elkartasuna" adierazi eta "barkamena" eskatu diete kalteren bat jaso duten langileei eta ikasleei.

"Biolentzia eguneroko desjabetuok, zapalduok, jasaten dugun errealitate itogarria da", atzoko ekintzaren egileek adierazi dutenez. Testuinguru horretan kokatu dituzte "matrikula itogarriak, klaseetan jasan beharreko eduki zapaltzailea, unibertsitatera ailegatzeko garraioa zein etxebizitza-alokairua ordaintzeko ezintasuna...". Horren guztiaren erantzule egin dute Euskal Herriko Unibertsitatea: euren berbetan, "aurrera eramandako ekimena sinbolikoa izan zen. EHU kapitalismoaren sostengurako eta erreprodukziorako instituzioa denez, errefusatu egiten dugu; eta horregatik burutu dugu ekimena dekanotzan, aparatu burokratiko honen beste atal bat den dekanotzat, hain zuzen ere".

Amaitzeko, gaur EHUk deitutako kontzentrazioa ez babestera deitu dituzte unibertsitateko langileak eta ikasleak, "burgesiaren mesedetara dihardutenen elkarretaratzea" delako. Ildo berean, martxoaren 23an, "ikasle zapalduon alde kaleak hartzera" deitu dituzte. Azken egun horretarako greba deialdia egin du Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun