Leioan azaroaren 5ean egingo duen herri-galdeketa aurkeztu zuen herriko Gure Esku Dagoren taldeak, apirilaren 7an, Kultur Leioan. Ekitaldian Gure Esku Dago ekimeneko Zelai Nikolasek eta Gipuzkoako Goierriko Anartz Goiak parte hartu zuten. «Lagungarria izango da leioaztarren artean zubi gehiago zabaltzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko borondatea gehiago ehuntzeko, eztabaidatzeko eta euren iritzia adierazteko», azaldu zuten Gure Esku Dagokoek.
«Taldea anitza da, auzo, adin, genero eta sentsibilitate politiko desberdinekoak. Bakoitzak dakiena edo/eta ahal duena ematen dio taldeari, hau talde-lana da eta», azpimarratu zuten taldekoek, Leioako aurkezpenean. Leioako aurkezpenaren ordu berean, Getxon ere Gure Esku Dagoko Batzorde Sustatzailea aurkeztu zuten, eta sinaduren batzea iragarri. Sinadura guztiak ekainean zenbatuko dituzte.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.