Ekonomia  Leioa 2017-05-04 11:20

Plan estrategikoa, martxan

Sabino Arana kaleko birgaikuntzak edo Umore Azokako artista lokalen hazkundearen proiektuak 2017-2018an garatuko direnen artean aipagarrienak dira.

Plan estrategikoa, martxan
Leioako Sabino Arana kalea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioa 2015-2019ko Plan Estrategikoak 2017 eta 2018an garatuko diren 36 proiektuak aukeratu eta euren aurrekontuak argitaratu ditu herri-aldizkarian. Hurrengo egunetan, Udalak aurrekontu horiek etxez etxe banatuko ditu.

Plan estrategikoak bost ardatz nagusi dauzka: Garapen Lokala: sustapen ekonomikoa, berrikuntza eta enplegua (386.270 euroko aurrekontua); Garapen jasangarria: hazkuntza azkarra (8.212.130 euro); Gobernu ona, irekia eta bitartekaritza aurreratua (848.898 euroko aurrekontua); Solidaritatea eta garapena arreta sozialean (1.994.000 euro); Bizitza-kalitatea: nortasuna, kultura, aisialdia eta kirola (445.500 euro).

Ekimena urteroko eta zenbait urtetarako programen bidez osatuko da, eta bertan Udal-ekintza guztiak kokatuko dira. Gainera, plan honen bidez, Udalak udal-aktiboak zein herritarrarekiko arreta hobetuko dituela adierazi du Leioako Udalak, “Gobernu eredu irekia eta administrazio kolaboratiboaren bidez”.

Proiektu hauen artean, diru kopuru handiena Garapen Jasangarria: hazkuntza azkarra atalak izango du. Sabino Arana kaleko birgaikuntzak 4.000.000 euroko partida izan du. Proiektu hori aurrekontuetako garestiena da, zenbait urtetan garatzekoa. Aipatzekoa da ere Txorierri igogailuak 2.503.460 euroko aurrekontua daukala eta umeen parkeetako eraberritzeek 500.000 eurokoa.

Bizitza kalitatea: nortasuna, kultura, aisialdia eta kirola atalean aipatzekoa da ere Umore Azokaren artista lokalen hazkundeak eragin duen aurrekontu-saila: aurton, Udalak 10.000 euro gehiago inbertitu ditu urteroko zita berezi honen proiektuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa