Ekaineko Kirol Batzordean azaldu legez, muskulazio-gelaren kontratua ekainean bukatu zen, eta berau kudeatzeko kontratua prest ez egotearen ondorioz, plegu berria prest izan arte, kontratu hori luzatzea erabaki zen. "Kudeaketa eredu hori guztiz kaltegarria da Leioako Udalarentzat; ez da erabiltzaileen beharrizanei erantzuteko gai. Horrek egoera jasanezina sortzen du: leku-falta nabaria, makinen egoera prekarioa, teilatuaren altuera okerra…", salatu du Leioako EH Bilduk. Ezkerzaleen ustez, "horrek agerian utzi du kudeaketa eredu horrek ez duela funtzionatzen: enpresa-kudeatzaileak irabazi handiak lortzen dituen bitartean (kuoten %60), gimnasioaren egoerak ez du hobera egiten".
Leioako EH Bilduk Sakoneta kiroldegiaren kudeaketa eredua kritikatu zuen orain dela hilabete batzuk; tartean, muskulazio-gela egoera kaskarrean zegoena mahaigaineratu zuten. "Guk aurkeztutako mozioa bi hilabetez atzeratu izan da, eta ez da oraindik Udalean eztabaidatu. Horren ondorioz, kontratua bukatu egin denerako, Udalak oraindik ez dio irtenbiderik bilatu egoera horri", gaitzetsi dute.