Modu berean, hartutako erabakia "teknikariak igarritako aholkuetan oinarrituta" dagoela adierazi du alkateordea den Iban Rodriguezek. "Beste erakunde zein administrazioekin harremanetan egon ostean, inork ez zuen Artedramak Leioan zeukan egoera onartzen, legeari dagokionez. Hori horrela izanda, eta denbora kontra genuela kontuan izanda, erabakia hartzeko beharrean sentitu gara", azaldu du EAJren kideak. Hala ere, Artedramak Leioan egindako lana goraipatu du Rodriguezek: "ez daukagu inongo zalantzarik; ikaragarria izan da, eta, bihotzez, eskertzekoa", esan du. Arte eszenikoen plataformako kideen ikuspegia beste bat da: "zoritxarrez, azken agintaldian ez dugu sentitu bultzada politiko nahikoa, hutsune legalengatik, baina, bereziki, borondate faltagatik", deitoratu dute Artedramaren kideek. Diotenez, "ez dugu jaso ase gaituen argumenturik", Udalaren jokabidea azaltzeko.
Bitartean, Kultur Arloak hartutako erabakia babestu du PSE-EEren zinegotzia den Juan Carlos Martínezek; sozialistek eta jeltzaleek osatzen dute Leioako Udal Gobernua. Hala ere, Leioako Euskal Sozialistak taldeak "babes osoa" adierazi dio Artedramari, "euskarazko antzerkigintzan egiten duten lanagatik". Bere aldetik, Martínezek hurrengoa adierazi du: "Espero dugu arazoa konpondu ahal izatea, leioaztarrekin eta leioaztarrentzat lanean jarrai dezaten".
Esnatu Leioako José Ignacio Vicenteren arabera, "ematen du aldeetako batek edo biek berba egiteko borondate eskasa agertu dutela, eta ezin izan dutela arazoa konpondu". Kontuak horrela, "elkarrizketari berriro ekiteko" eskatu die Udalari eta Artedramari, "konponbide bat aurki dezaten"; izan ere, Vicenteren berbetan, "horrelako kultur elkarteek kalitate-ukitua ematen diote udalerriari".
Azkenik, EH Bilduren bozeramailea den Aritz Tellituren arabera, "esku artean ditugun datuei begiratuta, uste dugu aukerak zeudela Artedrama arte eszenikoen plataformak Leioan jarrai zezan". Are gehiago, antzerki-taldea "aukerak aztertu barik kanporatzea" leporatu dio Udal Gobernuari. Agintari leioaztarrak "azalpen gutxi eman izana" kritikatu du ezkertiarrak.
Adierazpenak
Iban Rodriguez (EAJ)
"Udal Gobernuak hartutako erabakia teknikariek emandako aholkuetan oinarrituta dago. Izatez, egoerak ez zuen teknikoki eta juridikoki gaur egun indarrean dagoen legediaz bat egiten. Beste erakunde publikoek ez zuten Artedramak Leioan zeukan egoera legezkotzat jotzen".
Juan Carlos Martínez (PSE-EE)
"Ulertzen dugu arauak berberak direla elkarte denentzat. Alde horretatik, eraikin publiko bat ezin da sozietate baten helbide fiskala izan. Hala ere, babes osoa adierazi nahi diogu elkarte honi, eta espero dugu arazoa konpontzea, leioztarrekin eta leioaztarrentzat lanean jarrai dezan".
José Ignacio Vicente (Esnatu Leioa)
"Ematen du aldeetako batek edo biek elkarrekin hitz egiteko borondate eskasa agertu dutela, eta ezin izan dutela arazoa konpondu. Kontuak horrela, elkarrizketari berriro ekiteko eskatzen diegu Udalari eta Artedramari. Horrelako kultur elkarteek kalitate-ukitua ematen diote Leioari".
Aritz Tellitu (EH Bildu)
"Gertatutakoa hobeto aztertu ahal izateko lanean gabiltza; baina, eskuartean dauzkagun datuei erreparatuta, uste dugu aukerak bazeudela Artedramak Leioan jarrai zezan. Ematen du, aukera ezberdinak kontuan hartu barik kanporatu duela Udal Gobernuak antzerki-taldea".