Euskararen Nazioarteko Eguna

EHUko ikasleak euskalduntzeko proiektua jarri dute martxan hainbat ikaslek

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 1a, 10:17

Martxan jarritako proiektuaren logoa.
Euskara eta haren erabilera bultzatzeko proiektua jarri dute martxan Leioako EHUko Gizarte eta Komunikazio-Zientzien fakultateko kazetaritza, publizitate eta ikus-entzunezko ikasleek. Azaldu dutenez, euren helburua da ikasleak euskalduntzea; horretarako, askotariko ekintzak egingo dituztela iragarri dute. Gainera, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, jai berezitxoa egingo dute gaur, barikuan, fakultatean bertan.

Euskarari gorazarre egiteko, ikasleek Euskararen Eguna egingo dute gaur Gizarte eta Komunikazio-zientzien fakultatean, Gurean Bai lemapean. 13:00etan jarri dute hitzordua, eta "CampusJira", irrintzi txapelketa eta mikro irekia egingo dute, besteak beste.

Komunikatua, osorik:

Euskara hizkuntza ahula dela diote baina nolatan iritsi da  guganaino Europako hizkuntzarik zaharrena, ez bada bere txikitasunean handi?

Diktadurari, indar banatzaileei eta haien zapaltzaileei aurre egiteko erresistentzia indartsua izan dugu beti. Erresistentzia hori izan da euskaldunok baturik mantendu gaituena, bizirik mantendu gaituena, euskara da gure territorio libre bakarra.

Zuretzako, euskara debekatuta egon arren ezkutuan ikasten jarraitu zenuelako.

Zuretzako, euskaraz amesten duzulako.

Zuretzako, zure buruari euskaraz egiten diozulako.

Zuretzako, lehen hitza beti euskaraz egiten duzulako.

Zuretzako, euskaraz ondo moldatu ez arren saiatzen zarelako.

Euskara mendez mende guganaino heldu bada zuregatik izan da, zuregatik eta zure arbasoengatik, euskara zuk bezain beste maitatu baitute haiek ere. Esker mila denoi.

EHU-ko kazetaritza, ikus-entzun eta publizitateko ikasleak gara. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako unibertsitario euskaldunak. Euskaraz eta euskararen alde egiteko asmoz gatoz. "Gurean bai" lelopean proiektu bati ekin diogu, ikasleok euskalduntzeko helburuarekin. Horretarako, lanean ibili gara  buru-belarri azken aste hauetan eta Leioan egongo gara Abenduak 1ean, Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean. Animatu zaitezte, ekintza ugari egingo baititugu.

Gurea dena zuretzako, gurean jarraitzeko, gurean bai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun