"Beste behin ere, Pinosolo auziak Leioztarrok dirutza bat galtzea suposatu du. Orain ordaindu beharreko 658.000 euroak aurretik ordaindu genituen 1,6 milioi euroei gehitu behar dizkiegu, baita abokatuetan eta epaiketetan gastatzen ari garen milaka euroei ere", adierazi dute koalizio ezkertiarreko kideek. Leioako EH Bildukoen ustez, gaur egun, Leioa, "merezi eta behar duen kirol instalazio berririk gabe" dago, "gure herriak ezinbestean behar duena". "Bitartean egoera honen erantzule zuzenek, Leioako Udalak eta EAJk, autokritikarik egin gabe jarraitzen dute", salatu dutenez.
Gogora ekarri dutenez, EH Bilduk "iruzurra" burutu zuten enpresen aurka ekinbide legala abiatzea eskatu zuen bere garaian, eta eskatzen jarraitzen du: "Ez dugu ulertzen nola Leioako Udalak ez duen salaketa ipini 58 milioi euroko kontratu publiko batean iruzurra egin zuten enpresa horiek aurka". "Ikerketek iruzurrean kargu publikoen inplikazioa mahai gainean jartzearen arriskua" ikusten dute ezkertiarrek EAJk jokatu duen moduan. Are gehiago, Leioako EAJ egin dute "egoera honen erantzule bakarra". "Bere kudeaketak egoera honetara ekarri gaitu, eta egun, autokritikarik egin gabe jarraitzen dute. Kontrara, erantzule politikoak sarituak izan dira, alkate ohiaren kasuan bezalaxe, orain Metro Bilbaon zuzendaritza postua duena. Alkate ohia eta kirol zinegotzia Leioako Osoko Bilkurak gaitzetsiak izan zirela gogoratu behar dugu, eta preskripzioa medio epaitegietan epaituak izateko aukera ekidin dutela", amaitu dute EH Bildukoek.