2017ko otsailean hasi ziren batzen, Kultur Leioan; zortzi saio egin zituzten. Uda ostean, bigarren taldea martxan ipini zuten.
Zer da adinkeria? Dena ondo badoa guztiok helduko gara zahar izatera; baina, tamalez, den-denok pairatuko dugu adinkeria: emakumeok eta gizonok. Hau da, ni azal zurikoa naiz; ez naiz inoiz beltza izango. Beraz, zentzu horretan, ez dut arrazakeriarik jasango. Bestalde, zu gizonezkoa zara. Hortaz, zuk ez duzu sufrituko diskriminazioa emakumea izateagatik. Aldiz, zaharra izateagatik bereiziko zaituzte.
Adinkeria denok jasan ahal dugun diskriminazio-eredu bat da. Hala ere, gure gizartean oso modu naturalean txertatuta dago, oharkabean gertatzen da; eta identifikatzea ez da hain erraza. Egunerokotasunean, adinkeria etxe askotan ematen da. Bizitzen Fundazioan adinkeria zelan identifikatu puntutik abiarazten ditugu tailerrak; hortik, zer adinkeria-mota egon daitezkeen aztertzen dugu; egunean-egunean, asko ematen da diskriminazio-eredu hori. Sarritan "nagusi" hitza erabiltzen dugu urte asko dauzkaten gizonak edo emakumeak izendatzeko; eufemismo bat besterik ez da. Guk "zahar" berba balorean ipini nahi dugu; izan ere, ematen du zaharra izateak gauza negatiboak bakarrik dakartzala.
Emakumeok modu berezian sufritzen duzue adinkeria? Diskriminazio bikoitz baten gainean berbetan gabiltza adinkeria sexistaz ari garenean: batetik, adinagatik egiten den bereizkeriaz ari gara. Baina sexismoa gehitzen zaionean horri, askoz larriagoa izaten da. Kontuan hartu behar dugu adinkeria munduan ematen diren hiru diskriminazio-motetatik ugariena dela, arrazismoaren eta sexismoaren atzetik. Azken horiek biek adinkeriaren ondorioak areagotu egiten dituzte. Horri buelta eman nahi diogu eta emakume zaharra izateak dauzkan balio denak aitortu gura ditugu.
Zenbat emakumek sufritzen dute adinkeria sexista? Emakume zahar denek jasaten dute adinkeria sexista; ez dakit zenbat andre zahar dagoen gure inguruan... Hala ere, ziur esan ahal dizut kopurua gero eta handiagoa izango dela pertsonen bizi-itxaropena gero eta handiagoa delako; bereziki, emakumeena. Estatistika denek adierazten dute gizartean zahartze-prozesu bat ematen ari dela. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egiten dituen proiekzioetan ere argi ikus daiteke. EAEn, Eustat erakundearen arabera, 2026rako herritarren %25 zaharra izango da.
Zergatik da ezberdina zahartzea emakumezkoa edo gizonezkoa izanda? Aipatu dudan bezala, adinkeria gizonezkoek ere pairatzen dute; baina, ezberdina da zahartzea gizona izanda edo emakumea izanda. Euskaraz oso argi ikusten da, hitzen erabileran eta zentzuan. Adibidez, emakume zaharrari "atso" deitzen zaio; gizon zaharrari, ostera, "agure". Adineko andreak izendatzeko gure hizkuntzak daukan berba hori irain moduan erabiltzen da askotan. "Agure" hitzak, aldiz, jakituriaren edo asko dakien norbaiten zentzua dauka. Sorginekin, beldurrarekin, okerkeriekin edota hizkimizkiekin ere lotzen da maiz "atso" hitza. Horiek denak emakume zaharraren estereotipoak dira.
Bestalde, nahiz eta estereotipo horiek egon, emakume zaharren ardurapean zaintza-lan pila bat uzten ditugu: adibidez, lobak jagoten ia behartuta daude askotan. Baina ez bakarrik lobak; seme-alaben bizimodua sostengatzen oso inplikatuta daude: ekonomikoki, bazkarirako tupperrak prestatzen, eta abar. Bitartean, zaharrak aspergarriak direla, ez daudela motibatuta, tristeak direla eta depresiorako joera daukatela uste dute askok. Horrela pentsatuz eta jokatuz, diskriminatu egiten ditugu.
Emakumeengan garrantzi handia daukate edertasunaren erregelek; izan ere, askoren iritzia da zaharra den pertsona bat ez dela ederra. Ikustea baino ez dago horren gainean dagoen merkatu dena: zimurrik ez edukitzeko kremak, ile zuriak estaltzeko tindagaiak...
Zer egin daiteke adinkeria sexista identifikatu eta horri aurre egiteko? Honen gainean lan egiten duen elkarterik ez dago; oso pertsona gutxi dago arazo honi irtenbideak bilatu nahian. Orain ipini gara lanean. Hain modu naturalean ikusten du jendeak, horren atzean bereizkeria egon daitekeenik ez baitute sumatzen. Familia barruan ere tutore izatetik zainduak izatera igarotzen dira askotan etxeko zaharrak; batzuetan, hanka-sartze txikiren bat izaten dutelako, seme-alabek euren izenean ipintzen dute emakume edo gizon horien kontu korrontea... "Dagoeneko zuk ez dakizu" esaten diote aitari edo amari. Pertsona horiei min handia egiten ari zaie.
Zer egin dezakegun galdetzen duzu? Erantzuna argia da: zahartzarorako bidean goazenok kontzientzia hartu beharko genuke geure buruari tranpa bat ipintzen ari garela zaharrak horrela tratatuz, diskriminatuz eta botere-guneetatik kanporatuz; izan ere, gu ere horra iritsiko gara eta gauza bera gertatuko zaigu, ez baldin bagara garaiz konturatzen.
Eta zaharrak izango bagina? Arazo bati irtenbidea emateko edo mahaigaineratzeko, agenda politikoetan lekua hartzeko... Elkartzea da garrantzitsuena. Bizitzen Fundazioak tailerrak bideratu baino ez ditu egiten; zaharrak dira elkartu egiten direnak. Bestetik, zaharrek estereotipo horiei denei jarraitzeari uko egin behar diote: ez dago inon ere idatzita urteetan gora egiteagatik, triste egon behar zarenik edo modu jakin batean jokatu behar duzunik; ordura arte izan duten bizimoduarekin jarraitzea da gakoa.
Bestalde, belaunaldi batzuetan atzera egiten badugu, emakumeen bizimodua nahiko antzekoa izaten zen. Orain, ordea, bakoitzak eduki duen ibilbide profesionalagatik edo pertsonalagatik, agian, talde oso heterogeneoa osatzen dute andre zaharrek: ez dira berdinak 65, 75, 85 edo 95 urte dauzkaten emakumeak. Gero eta talde heterogeneoagoa dela erakutsi behar dugu, denak zaku berean sartu gabe.
Zelan sortu zen Leioako taldea? Bizitzen Fundazioak 18 urte daramatza zaharrakaz lanean. Bada, Leioako Udalaren diru-laguntzari esker pare bat hitzaldi egin genituen; bata, zaharren egoitzan, eta bestea, Andrak emakumeen elkartearen lokalean. Eta hortik abiatuta, tailerretan parte hartzera animatu ziren hainbat lagun; 2017ko otsailean hasi ziren eta oraindik ere jarraitzen dute. Udaren ostean, bigarren talde bat martxan ipini zuten. Ateak zabalik dauzkate.
"Telebistan andre zaharrak irrigarri uzten dituzte"
Hedabideetan ere adinkeria sexista igartzen da? Bai, askotan gainera. Tailerretan luze aritu gara horretaz, baita Leioako taldean ere. Azken finean, gure gizartean gailentzen den kultur ereduaren ispilua dira hedabide handiak. Adinkeria sexista oso era bortitzean azaltzen da horietan. Bereziki, telebistan, edertasun-erregela zehatz batzuk betetzen dituzten emakumeak baino ez dira agertzen; 30 urtetik 40 urtera arte, gutxi gorabehera. Hortik aurrera, desagertu egiten dira andre denak. Urte horietatik aurrerako emakumezkoak naif estiloko edo txutxu-mutxuen programetan baino ez daude. Iragarkiei dagokienez, txiza gainean egiten duten edo ile zuriengatik kezkatuta dauden emakume zaharrak besterik ez dira agertzen iragarkietan. Zimurren kontuarekin, zer esanik ez. Bestalde, edertasunarekin zerikusirik ez daukaten iragarkietan, andreak irrigarri uzten dituzte beti. Horren adibidetzat har dezakegu "fabadaren amonak" parte hartzen duen spot-a.
Hori aldatzeko zer egin daiteke? Lan egin dugu herrietan ekimenak sortu dira. Berbarako, Durangon, batzen jarraituko dute eta, zuzenean, hedabideetan ematen den emakume zaharren irudia salatzeari ekingo diote. Guk ez daukagu ur miraritsurik horren aurka egiteko; horretatik ihes egiten dugu. Bizitzen Fundazioak taldeak sortzen baino ez du laguntzen; gero eurek erabakitzen dute nora jo nahi duten. Hala ere, salaketa-lan hori ondo ikusten dugu. Bestalde, estereotipoetatik kanpo dauden beste eredu batzuk badaudela erakustea planteatzen dugu.
Adinkeria sexista saihesteko ze arau jarraitu beharko lukete hedabideek? Horrela, bat-batean, ez da gauza erraza, baina adibideren batzuk jartzearren... Hedabideek honako premisa hauek jarraitu beharko lituzkete: emakume zahar denak ez dira amamak; emakume zaharrak gure etorkizuna dira; emakume zaharrak ez dira aspergarriak; emakume zaharrek sormenerako ideia asko dauzkate; emakume zaharrak ere ederrak dira; emakume zaharrek tupperrak egiteko baino askoz gehiagorako balio dute; emakume zaharrek zer egin nahi duten erabakitzeko gaitasuna daukate... Askoz gehiago egon daitezke.