Aurrehitzarmena izenpetu dute Mivaricar sozietateak eta Vicrilako langileek

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 15a, 18:29

Behargin bat Vicrilan lanean. © LEIOAKO UDALA

Mivaricar sozietateak egindako eskaintzari babesa agertu zioten atzo sindikatu gehienek, ELAk eta LABek izan ezik. Besteak beste, langileen kaleratzeak eta soldaten murrizketak aurreikusten ditu adostutako txostenak.

Langileen inguruko iturriek adierazi dutenez, Vicrila beirategiaren jabe egiteko aurkeztutako hiru eskaintzetatik "lan-kostu txikiena" daukana da Mivaricarrek mahaigainean ipinitakoa. Hala ere, 270 beharginetatik 240era murriztu gura dute lantaldea, soldatak murrizteaz batera.

Lamiakoko Vicrila beirategiaren likidazio-prozesuaren ardura daukan konkurtso-administrazioak ere egokienatzat jo zuen Mivaricar S.L. enpresak egindako eskaintza, joan den astean. Langileen-ordezkariek eta sozietate horrek aurrehitzarmena izenpetu ostean, Bilboko Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegiari dagokio aurkeztutako hiru enpresetatik (Mivaricar, Sherpa eta Idurgo) zeinen eskaintza ontzat hartzen duen. Dena den, beharginen inguruko iturriek nabarmendutakoaren arabera, likidazio-planean epaileak zehaztutako neurrietako bat ez dute bete Sherpak eta Idurgok: ez dute milioi bat euroko gordailutzea egin.

Vicrilaren erreskatea birritan kale egin ostean, lantegia saltzea aurreikusten du likidazio-planak. Oraingo aukera galduko balitz, sortaka salduko lukete beirategia; Vicrilaren amaiera izango litzateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun