Hitzarmena Vicrilako beharginen kalterako dela uste du LABek

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 16a, 12:08

Mivaricar sozietateak egindako eskaintzari babesa agertu zioten herenegun sindikatu gehienek. © VICRILA

"Alde egin beharko dutenei ez ezik, geratuko direnei ere mesederik ez die egingo", sindikatu abertzalearen arabera.

Eguaztenean izenpetu zuten aurrehitzarmena Lamiakoko beirategia erosteko eskaintza aurkeztu duen sozietateetako bat den Mivaricarrek eta lantegiko sindikatu gehienak: CCOO, UGT, USO, ATV eta CUC. LABeko eta ELAko ordezkariek aurka agertu ziren. Langile Abertzaleen Batzordeen eledunen arabera, "hitzarmenak ez du Vicrilaren bideragarritasuna bermatzen. Horrez gainera, 19 langile (batzuk finkoak eta beste batzuk iraupen luzeko behin-behineko kontratuakaz) kaleratu eta lan-baldintzak lehertuko dituzte".

Espekulazioaren "mamua" ere mahaigaineratu du LABek: "Aurrehitzarmenak ez du lantegiko lurrakaz espekulatzeko aukera usatzen; dagokien soldaten zorra langileei itzuli arteko epea baino ez du zehazten, instalazioak ekoizpenetik harago doazen helburuetarako ezin erabili izateko".

Sindikatu abertzalearen ustez, Langileek Batzordearen "kudeaketa kaskarraren emaitza" da akordioa: "beharginakaz berba egin barik eta ezelako gardentasun barik" jokatu dute, LABen iritziz. Langile Abertzaleen Batzordeen ordezkariek amaitu dutenez, "berriro ere (eta hirugarren aldia da prozesu luze honetan) sindikatu zehatz batzuen (USO eta CCOO, nagusiki) gehiengoari lehentasuna emanez jokatu dute, lantaldearen interesen eta beirategiaren etorkizunaren gainetik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun