Elkarrizketak

Komunikazioko Talde Kritikoa: "Industria mediatikoaren araberako ikasgaiak ditugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko ots. 18a, 10:00

Besteak beste, kazetaritza alternatiboa sustatzeko helburua dauka talde sortu berriak. HODEI TORRES

Gaur egungo hezkuntza-eredua eta unibertsitatea bera garaiko sistemaren "erreminta bat" baino ez dira EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko hainbat ikasleren ustez.

Orain dela gutxi sortu dute Komunikazioko Talde Kritikoa, EHUko Leioako campusean. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleak diren Jose Castillok eta Iñaut González de Mataukok azaldu dutenez, kolektiboaren aurkezpena egiteko erabili zuten otsailaren 7an egindako ekitaldia; euren esanetan, ikastegi bakoitzean egiten diren ikasketen araberako talde kritikoak sortu dituzte. Horiek denek Herri Unibertsitatean parte hartuko dute ekitaldiak eta tailerrak eginez.

Zergatik sortu duzue Komunikazioko Talde Kritikoa?

JOSE CASTILLO: Orain arte, Herri Unibertsitatea izan dugu: merkatuaren baloreen azterketa baino, beste jakintza batzuk jorratzen dituen erakusleiho handia. Gainera, lau edo bost egunez baino ez da egiten. Hala, hori garatzen joateko talde kritikoak sortzeko ideia sortu zen; hau da, merkatuaren baloreetatik at egon eta kritikoa izango den hezkuntza-eredu hori ikasturte osoan garatuko zuten kolektiboak. Fakultate bakoitzean jorratzen diren jakintzen araberako talde kritikoak sortu dira; berbarako, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatean bi dauzkagu: soziopolitikaren gainekoa da bestea.

Zein da taldearen helburua?

J.C.: Gure taldeak Kazetaritza, Medioen Industria eta Industria Kulturala barnebiltzen ditu. Horien gaineko jakintza kritikoa garatzea da gure helburua: karrerak nola dauden egituratuta aztertuko dugu, eta industria mediatikoa eta kulturala nola dagoen ere bai. Hori izango da gure abiapuntua.

Gaur egungo unibertsitate-eredua kritikatzen duzue?

IÑAUT GONZÁLEZ DE MATAUKO: Gaur egungo hezkuntza-eredua eta unibertsitatea bera sistemaren erreminta bat baino ez dira; horren aurrean, graduari berari zein industria kultural eta informatiboari kritika egin nahi diogu, gure ikuspuntutik. Horretaz gain, gaur egun egon daitezkeen alternatibak aztertuko ditugu, baita kazetaritza alternatiboaren funtzioa ere, tresna eraldatzaile modura.

J.C.: Daukagun industria mediatikoa horrelakoa delako daude karrerak horrela egituratuta: irakasgai hauek ematen dira eta ez beste batzuk. Hori aztertu nahi genuen.

Zelan islatu gura duzue kritikotasun hori?

J.C.: Taldea hasiberria da oraindik, eta suposatzen dugu Herri Unibertsitatearen barruan garapena izango duela. Bertan, hainbat tailer egingo ditugu ondoko gaiak abiapuntutzat hartuta: komunikazioa eta nazioarteko ordena, nola islatzen diren albisteak nazioarteko komunikabideetan, zinema eta ideologia... Espero dugu hori guztia gure lanaren erakusleihoa izatea eta jende gehiago erakarri ahal izatea.

Horretaz aparte, aurten, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza karreren analisia egin nahi dugu; eta, ondoren, industria biek nola funtzionatzen duten hausnartzea. Batetik, kazetaritzak gainegitura ideologikoan zein paper jokatzen duen, manipulazio-teknikak, monopolio mediatikoak... Ikus-entzunezko ikasketekin eta zinemarekin gauza bera egin nahi dugu. Horren aurrean, gaur egun dauden alternatibak aztertuko ditugu, eta guk gure aldetik eta Ikasle Mugimendutik horretan nola eragin daitekeen ere bai. Azken finean, goizago edo beranduago, gu ere kazetaritzaren edo industria kulturalaren parte izango gara.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun