Ugarteren berbetan, "aurretik, denboraz eta seriotasunez aztertu beharko lirateke trabiaren proiektuaren inguruan egon daitezkeen alternatibak eta horiek herritarrengan daukien eragina, beti ere udalerriaren beharrizanak kontuan hartuz".
EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratutakoaren arabera, idatziz erantzuteko galdera egin zion Eusko Jaurlaritzari, gai honen inguruan: "gaur egun, lan horiek egiteko aurrekontu-partidarik ez" dagoela esan omen zioten. Arantza Tapia sailburuak, ostera, "Leioako Udalagaz elkarlanean" dabiltzala adierazi zuen. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, "ematen du ez dutela ezelako erabakirik hartu gura". Ugarteren berbetan, "Eusko Jaurlaritzak ezin du ezertxori ere ez erantzuteko jarrera hartu; proiektu honen bideragarritasuna eta egokitasuna berraztertu beharko lukete".
Osoko zuzenketa bi
EH Bilduk egindako hasierako proposamenaz gainera, EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztutako osoko zuzenketa eztabaidatuko dute, eta Elkarrekin Podemosek egindakoa ere bai.
"Errentagarritasuna soziala eta ekonomia zein Leioak dauzkan beharrizanak kontuan hartuta", Leioako metro-geltokiaren eta EHUko campusaren arteko garraio publikorik "onena" zehazteko eskatu diote EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzari. "Tranbia egokia ez dela erabakitzekotan, Leioako Udalagaz batera adostu beharko litzateke ze alternatiba dagoen", gaineratu dutenez.
Elkarrekin Podemosen osoko zuzenketari dagokionez, lehenik eta behin, "Sestao eta Leioa arteko tranbia zatian ezelako inbertsiorik ez egitea" eskatu du, "azpiegitura beharrezkoa dela aztertu arte". Ildo berean, Sestao eta Leioa arteko tranbiaren eskaera ikertzeko azterketa berria eskatu dute, "2006an egindakoa eguneratzeko asmoz". Elkarrekin Podemosek "Leioako herrigunean horrenbeste eraginik izango ez luketen beste garraio kolektibo batzuk ipintzearen bideragarritasuna" ere aztertzea eskatu du. Azkenik, Leioako Udalagaz batera, "gaur egun leioaztarrek dauzkaten mugikortasun-beharrizanak zehaztuko dituen prozesu parte-hartzailea" martxan ipintzea eskatu dute.