"Garai batean Maritxu Teilagorrikoek esaten zuten euren iritzia ez genuela kontuan hartzen. Bereziki, orain egiten ari garena da eurakaz zelanbaiteko adostasun-maila batera heltzen saiatzea. Hartu-eman denak amaitu arte, ez dugu deklarazio instituzionalik egingo; ordura arte ez gara errua elkarri botatzen ibiliko. Gu ez gara inoiz ideia bakar batekin tematuta egon, eta eurak ere ez", azaldu duenez. Hala, txosna-batzordeagaz "zelanbaiteko akordiora" ailegatu gura dute agintari leioaztarrek, baina "legeak ezartzen dituen baldintzak" bete egin beharko dituztela argi utzi du Iban Rodriguezek.
Akordio bat lortzeko denbora-tarteei dagokienez, "oraindik garaiz" dabiltzala uste du alkateordeak. "Zaila da denon gustukoa den gauza bat egitea, baina saiatzen ari gara", gaineratu du udal-agintariak.
Adostasunerako aukera bat egon daiteke, txosna-batzordeko kideen arabera: diotenez, "aurreko urteetako txosnaguneko irisgarritasun-arazoak konpontzeko aukerak aztertzen dabiltza udal-agintariak". Erantzunaren zain daude.
Hasierako kontaktuak
Aurtengo San Juan jaietako guneak berrantolatu gura ditu Leioako Udalak: Maritxu Teilagorri txosna-batzordeak salatu duenez, hasiera batean, Altzagatik Pinosolora mugitzea proposatu zieten. "Behin baino gehiagotan eskatu dugu txosnak herrigunean gura ditugula; baina, erdigunera hurbildu beharrean, are gehiago urrundu gura gaituzte", kritikatu dute Maritxu Teilagorrikoek. Beste aukerarik ez ematekotan, txosnak ez ipintzeko eta eurek antolatzen dituzten ekitaldi denak, kontzertuak eta akelarrea barne, bertan behera uzteko prest agertu dira batzordeko kideak. Bestalde, agintari leioaztarrek Udondoko ikaztegi zaharrera aldatu gura dute Udalak antolatutako hainbat ekitalditarako Boulevarden ipintzen duten eszenarioa.
Maritxu Teilagorriko kideek azaldu dutenez, "eurekin izan genuen azken kontaktuan, Udondon elkarrekin egitarau bat osatzea proposatu genien, herrian agerleku bakarra ipiniz". Estibaliz Bilbao Kultura zinegotziak ezetz erantzun zien, "kontzertuetan askotariko aukerak" egon behar zirela aipatuz. Aldaketa alderantziz egitea, hau da, udal-eszenarioa Pinosolora eta txosnagunea Udondora eroatea ere eskatu zieten. "Pinosolo beraientzat gune egokia ez zela erantzun zigun zinegotziak; guretzat, ordea, bai", deitoratu dute Maritxu Teilagorrikoek.