Elkarrizketak

Pentsionistak: "Artaziak sartu dituzte, gure pentsioak apurka-apurka murrizteko"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko mai. 25a, 20:13

Álvarez Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteko presidentea da; Landaluce, ostera, Nagusiak elkarteko batzarkidea. HODEI TORRES

Pentsiodunek hobekuntzak lor ditzaten urteak daroatzate beharrean Patricia Álvarez Rueda (Zaragoza, 1958) eta Jose Ramón Landaluce González (Caracas, 1954) leioaztarrek. Zapatuan, manifestazioan aterako dira berriro ere, gaurko eta etorkizuneko pentsioen alde. 18:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzean ipini dute hitzordua.

Zer eskatzen duzue pentsiodunok?

PATRICIA ÁLVAREZ: Duintasunez bizi ahal izatea gura dugu, eta horretarako pentsio egokiak eskatzen gabiltza; gaur egungo pentsioakaz, pentsiodun askok, batez ere emakumeok, ezin dute duintasunez bizi, ez zaielako dirua hilabete amaieraraino heltzen. Gauza askori uko egin behar diote jan ahal izateko. Horregatik, Europako Karta Sozialak gomendatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dugu, besteak beste.

JOSÉ RAMÓN LANDALUCE: Eskatzen dugu pentsioen igoera Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) araberakoa izatea. Gaur egun dagoen formula magikoa da: beti ematen du % 0,25. Uler dezakegu kontuak ondo joanez gero KPI igotzea, eta ondo ez doazenean, uler dezakegu bestelakorik. Baina orain kontuak ondo doazenean guri % 0,25 bakarrik igotzeak ez dauka logika handirik. Bestalde, gura dugu iraunkortasun-faktorea muga barik atzeratzea edo desager dadin, pentsiodun berrientzat kolpe handia delako. 2019an zen indarrean sartzekoa iraunkortasun-faktorea, eta 2023ra atzeratu da. Diru-sarrera beragaz gura dute jende-kopuru bikoitza ordaintzea, hori da euren helburua. Gu ez gaude batere ados. Txirotu nahi gintuzten, eta daborduko txiroak gara; pentsiodun berriak hasieratik pobreak izan daitezen bilatzen dute. Eta ez dugu hori gertatzerik gura. Hala, gurea eta etorkizunekoena defendatzen dugu. Kontu gehiago ere bada, berbarako, Espainiako Konstituzioaren 50. artikulua.

Zertan datza artikulu hori?

J.R.L.: Argi eta garbi dio pentsiodunek eta jubilatuek bizitza duina izan behar dutela diru-sarrera egokien bidez. Estatuko aurrekontuak prestatzean, artikulu hori alboratu egiten dute; bete beharreko konstituzio-artikuluak dira boterean dauden politikoek gura dituztenak baino ez dira. Horregatik, guk diogu Konstituzio horretan pentsioak blindatu beharra dagoela, bermatuta egon daitezen. Toledoko Itunean hitzartu zena mantentzea nahi dugu, boterean dagoena dagoela. Itun horrek batzorde bat dauka pentsioen gaia lantzeko, Celia Villalobos batzordeburu daukana. Nagusien kolektiboak (hamar milioi baino gehiago gara) ez badauka kontsultarako ordezkaritza Toledoko Itunean, txarto goaz. Batzorde horretan errespetua erakutsi beharko liokete pentsiodunen kolektiboari.

Ez zaudete bertan?

J.R.L.: Gaur dagoen kontu bakarra da ordezkaritza bat Espainiako Pertsona Nagusien Kontseiluaren aldetik, baina ordezkari bi dauzkate eta zorte onagaz, urtean behin galdetzen diete zer edo zer. Gure ustez ordezkaritza iraunkorra beharko genuke, eztabaida denetan egoteko. Proposamenak badauzkagu eta musu-truk emango genizkieke. Zergatik ez digute galdetzen? Ideiak emateko prest gaude pentsioek aurrera egiten segi dezaten, eta sistema iraunkorra izan dadin. Baina haiek gura dutena gero eta gutxiago ematea da, etengabe.

Zeintzuk dira pentsiodunok dauzkazuen gabeziarik nabarmenenak?

P.A.: Krisiak gehien kaltetu duen pentsiodunen multzoa da emakumeena, eta horien artean, alargunena. Euren etxeetan behar egin dute, eta bikotekideek eduki duten pentsioaren % 52 besterik ez diete ematen: 300-400 euro. Hala, batzuek bizi-baldintza penagarriak dauzkate. Egia da Eusko Jaurlaritzak diru-kopuru hori osatzen duela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentagaz (DSBE). Baina denek ezin dute DSBE kobratu. Berbarako, etxean hartu behar izan badute diru-sarrera ziztrinen bat daukan seme-alabaren bat, galtzen dute aukera hori. Pentsionistak Martxanentzat, eta niretzat ere, emakume alargunen kontua mingarria da oso.

J.R.L.: Alargunen kontua aurretik iragarrita zegoen, baina orain berretsi dute aurtengo aurrekontuetarako proposamenetan, behingoz onar dadin. Lehenengo fasean alargunek kobratuko dutena % 56ra igoko da, eta datorren urtean % 60ra. Dena den, gure ustean emakume alargunek gizonezkoek dauzkaten eskubide berberak eduki behar dituzte. Beste aldetik dago pentsio txikienak behetik berdintzearena. Famatu egin da hemen 1.080 euroen mezua, Europako Karta Sozialetik datorrena. Gu, Nagusiak elkartean, zentzudunagoak gara eta proposatzen dugu momentuz kontribuzio-pentsio txikienak behetik berdintzea. Etxekoandreen kasua da larria, berbarako: inoiz ez dute ordaindu gizarte-segurantza etxea mantentzen zutelako, senarrak lan egin ahal izan zezan. Ez litzateke bidezkoa andre horiek bazterrean uztea, orain egiten den legez.

Behetik berdintzea esaten duzunean, zer esan gura duzu?

J.R.L.: Gu kontribuzio-pentsioengatik hasiko ginateke: lanbide arteko gutxieneko soldata, orain 735,90 euroan dagoena. Hortik aurrera, igoera batzuk egingo genituzke, hainbat urtean, Europako Karta Sozialak dioenera heldu arte, 1.080 euro horiek. Baina ez bat-batean, badakigulako gaur egun sistemak arazoak dauzkala kotizatzen denagaz pentsioak ordaintzeko. Lan handia dago hori aldatu eta iraunkor egiteko.

Zelan heldu gara egoera honetara?

P.A.: Apurka-apurka egin dituzten murrizketengatik. 2011tik artaziak erabili dituzte gure pentsioetan, KPIak kentzen, pentsioak izozten edo % 0,25eko igoerakaz. Azken urteotan erosteko ahalmena galdu dugu, modu nabarmenean.

J.R.L.: Horretaz gainera, kontu asko dago, gobernuek argitu ez dutena, sistemaren egituran bertan. PSOE boteretik atera zenean, Pentsioen Erreserba-funtsean 66.815 milioi euro zeuden. Gaur egun ez dago ezer: sartzen dena gastatu egiten da; hilabete normaletan soberakin bat geratzen da, baina aparteko ordainsariak heltzen direnean soberakina agortu egiten da eta zenbaki gorriak geratzen dira [formalki, 8.095 milioi geratzen dira funtsean, baina Gizarte Segurantzak 10.120 milioi zor dizkio Estatuari]. Zer gertatu da 66.815 milioiakaz? Gaur egungo Gobernuak gastatu dituela, sistemaren defizita estaltzen eta Estatu espainiarreko altxor-bonuak erosten, besteak beste. Bonu horiek eskasak dira, hutsaren hurrengo interesa ematen dutelako [2016an, Gizarte Segurantzak -% 0,236ko interes negatiboa ematen zuten bonuak erosi zituen]. Bestalde, kontuan hartu beharra dago Gizarte Segurantzako beharginei Gizarte Segurantzak ordaintzen diela, pentsioen dirutik. Horiek ez dira beste funtzionarioak legez, Estatuko aurrekontu orokorretatik kobratzen dutenak.

Zer eragina daukate behargin horien soldatek?

J.R.L.: Pasatuko balira urteko 2.200 bat milioi horiek Estatuko aurrekontuetara eta pentsioetatik aterako ez balira, aparteko sari bat ordain liteke ia; gainera, modu horretan jakingo genuke zein den kotizazioen eta ordainketen arteko benetako defizita. Baina kontu gehiago ere badago.

Zein beste kontu?

J.R.L.: Berbarako, enplegua bultzatzeko laguntzak; langileen eta autonomoen gizarte segurantzan deskontuak aplikatzen dizkiete enpresei; nekazaritza- eta arrantza-sektoreei hobariak ematen dizkiete. Hala, horiek ez dute behar luketen diru dena sartzen Gizarte Segurantzan eta pentsioak diru hori barik geratzen dira. Ondo deritzot Gobernuak enplegua laguntzeari baina diru hori Aurrekontu Orokorretatik atera dadila eta Estatuak sar dezala Gizarte Segurantzako kontuetan. Zergatik konpondu behar ditugu pentsiodunok herrialdeak gaur egun dauzkan arazoak? Horretarako Gobernua dago. Puntu horiek denak argi daudenean, orduan berba egin genezake Gizarte Segurantzaren defizitaz; bitartean, gezurretan dabiltza. Borondate politikoa balego, puntu horiek denak aspaldi konponduta egongo ziren, baina hemen dena da traba eta iluntasuna.

Zer irizten diozue EAJren eta PPren arteko hitzarmenari?

P.A.: Egungo ogia, biharko gosea. Urte birako akordioa delako eta 600-700 euro kobratzen duen pentsiodunei 6-7 euro igoko dietelako, bakarrik. Horrek ez die ezer konponduko eta 2020an berdin egongo gara. Bestalde, badago iraunkortasun-faktorea, 2023ra arte atzeratu dutena; mantendu dute, eta, beraz, 2023tik aurrera sartuko diren pentsiodun berriek guk baino pentsio ziztrinagoak edukiko dituzte.

J.R.L.: Nire ustean, epe motzean, ondo dago, sektore batzuek etekina aterako diotelako. Ea eztabaidatu ostean aurrekontuetan onartzen den. Baina ez da ematen duen beste. Kontu batzuk aurretik hitzartuta zeuden, nahiz eta oraindino indarrean ez egon. Garrantzitsua da orain % 1,6 igotzea, eta datorren urtean KPI. Pozgarria da. Baina urte bi besterik ez dira, ez dakigu gerora zer etorriko den. Pauso bat da, negoziatzen segitu eta akordioetara heltzeko.

Pentsioak nondik kudeatzea gurago duzue?

J.R.L.: Gu horretan ez gara sartzen, hori gure ustean kontu politikoa da. Pentsio-sistema publiko eta duina eskatzen dugu eta horretarako borrokatzen dugu. Hasieratik, manifestazioak bandera eta ikur politiko barik egitea defendatu du Nagusiak elkarteak, denok batera irten eta lan egin ahal izateko, begiratu barik nor doan. Ez dugu gura pentsiodunakaz Maiatzaren Lehenean legez gertatzea, hau da, bakoitza bere aldetik joatea eta ezinikusiak direla eta ezin batera lan egitea.

P.A.: Gure ustean, pentsioak hemen kudeatu beharra dago. Hemen bizi gara, hemen egin dugu lan eta gura dugu hemen kobratu eta gure pentsioak hemendik kudea ditzaten eta defenda ditzagun. Gizarte Segurantzako sistema publiko propioa aldarrikatzen dugu, hemen ekoiztu duguna hemen bizi garenontzat onuragarria izan dadin. Begiratu bestela Madrilen zer gertatu den: pentsioen lapikoan zegoena bankuei laguntzen gastatu dute hango gobernuek. Horren aurrean, beharrezkoa da daukagun egoera irauliko duen aldaketa bat ematea, maila sozialean, ekonomikoan eta kudeaketa-arloan. Beraz, sistemaren kudeaketa hobetzeko, eta gaur egungo eta etorkizuneko pentsioak defendatu eta bermatzeko, uste dugu behar-beharrezkoa dela kudeaketa hemen izatea.

Pentsioen aldeko martxa bat, Bilbon. © ECUADOR ETXEA

Kalera ateratzen segitzea eskatu dute

Patricia Álvarezek eta José Ramón Landalucek argi daukate kalean presioa eginez lor daitezkeela hobekuntzak, gaur egungo pentsiodunentzat eta etorkizunekoentzat. Horrenbestez, astelehenetako elkarretaratzeakaz segituko dute Erandion, Getxon, Leioan, Sopelan... Halere, bat datoz hitzordurik garrantzitsuena maiatzaren 26ko Bilboko manifestazioa izango dela. Jesusen Bihotzetik aterako dira, 18:00etan; protesta jendetsua izatea gura dute, hainbat belaunaldi bilduko dituena. Horregatik, kolektibo denak gonbidatu dituzte: beharginak, langabetuak, gazteak, mugimendu feminista eta abar.

Pentsioen sistema ulertzeko gakoak

Toledoko Ituna

Espainiako Diputatuen Kongresuak 1995eko apirilaren 6an onartu zuen Gizarte Segurantzako sistemaren arazo estrukturalak eta balizko erreformak aztertzea, CiUk proposatuta. Erreserba-funtsa sortzea, kotizazio-oinarriak homogeneizatzea, kontribuzio-pentsioak aurrekontuetara bideratzea eta iruzurraren aurkako neurriak gogortzea ekarri zuen, besteak beste.

Erreserba-funtsa

Toledoko Itunean sortutako tresna bat da. Garai ekonomiko onenetan kotizazioen soberakinak merkatu ofizialetako funtsa publikoetan inbertitzea aurreikusi zuen, tartean Espainiako altxor-bonuetan, krisi ekonomikoko garaietan erabiltzeko. Urte batzuetan %4ko etekina eman zuen; gaur egun, ostera, dirua galdu egiten du bonu horiekaz.

Iraunkortasun-faktorea

Rodríguez Zapatero sozialistaren Gobernuak 2011n onartutako tresna da, pentsioen diru-kopurua bizi-itxaropenagaz lotzeko. Hala, zenbat eta handiagoa izan bizi-itxaropena, orduan eta txikiagoa litzateke pentsioa. 2027an ipintzekoa zen, baina PPk 2019ra aurreratu zuen. Orain, EAJren eta PPren arteko hitzarmenak atzeratu du berriro, 2023ra. Bost urtero neurtuko litzateke ekuazioa eta kozientea pentsio bakoitzari behin aplikatuko litzaioke, kobratzen hastean.

PPren legeak

Pentsioen arauak nabarmen aldatu zituen Mariano Rajoyren Gobernuak ere, 2012an eta 2013an. Alde batetik, jubilatzeko adina atzeratu zuen 65 urtetik 67ra eta pentsio osoa lortzeko kotizatutako urte-kopurua handitu zuen 35etik 37ra; kasu bietan prozesu mailakatua 2027an amaituko da. Beste aldetik, iraunkortasun-faktorea  aurreratu zuen, eta aldatu egin zuen pentsioak eguneratzeko metodoa.

Pentsioak eguneratzeko indize berria

PPk 2013an onartutako metodo berrian, inflazioak utzi zion erreferentea izateari. Horren ordez, handik aurrera formulak kontuan hartuko zituen sistemaren sarrerak eta irteerak, pentsiodunen kopurua eta batez besteko prestazioa. Gainera, muga bi ipini ziren: behetik, gutxieneko % 0,25eko igoera; eta goitik, KPI gehi % 0,50eko igoera, gehien jota.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun