Selektibitatearen kontrako elkarretaratzea egingo dute Leioako campusean

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 5a, 17:45

"Selektibitateari ez!" goiburupean, Ikasle Abertzaleak taldeak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte eguazten honetan, ekainaren 6an, EHUn eta NUPen. Hala, Leioako campusean 11:00etan batuko dira, Mikel Laboa plazan.

Ikasle Abertzaleak taldearen agiria:

Badatoz aurten ere urtero legez, Euskal Herriko ikasleon bizitza baldintzatu eta etorkizuna determinatzeko gaitasuna duten Selektibitatea zein Baxoa. Hainbeste gorroto, estres eta ezinegon sortzen dizkiguten azterketa nazkagarriak hain zuzen ere. Ezertan hasi aurretik beraz, hemendik gure animo eta elkartasunik beroenak azterketa hauek egingo dituzuen ikasle guztiei, eutsi horri! Gure babesa adierazi nahi dizuegu ere, Baxoa euskaraz! Plataforman lanean ari zareten ikasleoi, animo!

LOMCEren errebalidak eta PISA azterketak modu eredugarrian desobeditu ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta horien ildo beretik ulertzen dugu Selektibitatea ere. Izan ere, kapitalismoak bizirik jarraitu eta indartzeko burgesiak daukan beste mekanismo bat da selektibitatea, froga arrotz eta zapaltzailea. Aurre egiteko moduak ordea, gaur gaurkoz ezin du berdina izan, oraindik ez baitugu gaitasunik selektibitatea bezalako froga bat desobeditzeko.

Selektibitatea arrotz eta zapaltzaile bezala identifikatzen dugu ez dagoelako gure mesedetara eta ezta ere gure beharrei erantzuteko eraikia. Ez da arrotza soilik Madriletik datorren inposizio bat delako, arrotza zaio euskal langile klaseari eta bereziki honen parte garen ikasleoi, bertako zein atzerriko burgesiaren nahi eta beharrak asetzeko asmatu eta diseinatuta dagoelako. Sarri esan izan dugun bezala, hezkuntza pertsona eredu jakin batzuk sortzeko eta munduaren ikuskera burgesa garatzeko erabiltzen den mekanismoa da: jokamolde eta jarrera indibidualista zein berekoiekin, hiritar izaera baten baitan, zapaltzaileen historiarekin, izaera sexista batekin... Bide horretako pauso bat gehiago da selektibitatea eta horregatik zaigu arrotza.

Esana dugu hezkuntza instituzioak eta orokorrean hezkuntza prozesu osoa pertsona eredu jakin bat garatzeko mekanismoak direla, umetatik hasi eta unibertsitateraino. Prozesu honen pausu garrantzitsua da hain zuzen Selektibitatea. Alde batetik, Espainiar estatuko bigarren Batxilergoko ikasle guztiak ia materia berbera irensteko gaitasuna du, honek suposatzen duen homogeneizazio eta ideologizazio gaitasun handiarekin, guztiak zehatz-mehatz jakingo baitute burgesiari komeni zaion historia, filosofia, ekonomia… Hau da, eduki berbera irenstera behartuta gaude.

Bestalde, eta garrantzitsuena, ikasleak mailakatu eta sailkatzeko funtzioa betetzen duela da, langile klaseko ikasleok etorkizuneko soldatapeko lanera bideratzeko helburuarekin. Notaren araberako sailkapenaren bidez, soldatapeko lanerako prestakuntza akademikoa jasotzeko sarbidea lortuko dugu unibertsitatean, modu honetara zenbait ikasle unibertsitate esparrutik kanpo geratuko dira, selektibitatea ez gainditzeagatik. Eta beste kasu batzuetan, graduetarako sarbidea mugatua izaten dela kontuan hartuta, ikasleon arteko lehiakortasuna eta estualdia-egoerak areagotu egingo dira. Beraz, esan bezala, hezkuntza eta selektibitatea burgesiaren mesedetara eraikiak daude, horien bidez langile klaseko ikasleoi ematen zaigun aukera bakarra soldatapeko lanerako prestakuntza eta bertarako sarbidea direlarik. Hori da hain zuzen hezkuntzaren funtsa, zapalduok esplotatu eta gure lanaren bidez burgesia aberasten jarraitzeko prestakuntza fisiko zein intelektuala ematea.

Laburbilduz, kapitalismoa erreproduzitu eta indartzeko helburua duelako (honek bere baitan suposatzen dituen zapalkuntza guztiekin) eta langile klasearengan, gure jendearengan, eragiten duen sufrimendu, estres, depresio eta ezinegon guztiagatik Selektibitateari ez! esango diogu Ekainaren 6an Gasteizeko, Donostiako, Leioako, Bilboko eta Iruñeko unibertsitateetan. Euskal langile klasearen beharrei erantzungo dien hezkuntza eraikitzen jarraituko dugu, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen jarraituko dugu. Hurrengo urtean unibertsitatean borrokan ikusiko dugu elkar.

Animo eta egurra!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun