Elkarrizketak

Maritxu Teilagorri txosna-batzordea: "San Juan gaua magikoago egin gura dugu akelarreagaz"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko eka. 22a, 16:01

Gaur egun, txosnagunean egiten dute Leioako akelarrea. © MARITXU TEILAGORRI TXOSNA-BATZORDEA

Orain dela hogei urte inguruko ohituragaz segituz, akelarrea antzeztuko du Maritxu Teilagorri Txosna-Batzordeak San Juan bezperako gauean, ekainaren 23an. Hitzordua gauerdian ipini dute, txosnagunean. "Danok daukagu sorgina edo aztia barruan", diote.

Gero eta jende gehiago jofaten da Leioako akelarreaz gozatzera, "batzuk leioztarrak eta beste batzuk kanpokoak", Maritxu Teilagorri taldeko kideek azaldu dutenez. Segurtasun-taldea daukate sua eta jendea kontrolpean izateko, baina horrek ez du esan gura jendeak ezin dezakeenik parte hartu. "Denok parte garela sentiarazteko ikuskizuna da", aipatu dutenez.

Zelan bururatu zitzaizuen akelarrea egitea?

Orain dela hogei bat urte, AEK-ko ikasle- eta irakasle-talde bat barnetegi batera joan zen. Han Gipuzkoako Goierriko euskal filologo bategaz topo egin zuten: azaldu zien bere amama sorgina zela eta akelarreetan parte hartzen zuela. Bera egonda zela horietan, baina normalean kanpoko jendeari ez ziotela ikusten uzten. Bertan egiten ziren erritoak eta esamoldeak ere kontatu zizkien. Ilusioz beteta, Mendibile gaztetxea zenean elkartu eta apuntatuta zeuzkaten esaldiakaz eta entzundako denagaz gidoia osatu zuten, eta egiten animatu ziren. Josu Mentxaka eta Gentzane Fernandez izan ziren horren lekukoak. Aratuste batzuetan egin zuten lehendabiziko aldiz, herrian bertan. Jende askok parte hartzen zuela eta polita zela ikusita, San Juan bezperan egiten animatu ziren, baina txosnagunean. Ordutik hamazazpi urte inguru pasatu dira.

Zer irudikatzen duzue akelarrearen bitartez?

Batez ere solstizio berria datorrela ospatzen dugu, gau magiko horretan. Sorginak, aztiak eta gainontzeko pertsonaia mitologikoak elkartzen dira; akerrari dei egiten diogu edabe magikoagaz arazo guztiak ahaztuz, elkarregaz gozatuz… Inkisizioa etortzen den arte. Euskal Herria mehatxatzen duten sinboloz beteta datozen pertsonaia ilun horiek herritarrek dantzatutako "Banangoa"-ren bidez botatzen ditugu gure artetik, jaia zapuzten ez dutela ospatuz. Hala ere, Goierriko filologo hark esan zigun akelarreak ez daukala amaierarik, sorginek ez dutelako uzten amaierara arte geratzen. Beraz, ez dakigu zelan amaitzen ziren akelarre haiek… Leioakoa norberak amaitzen du.

Herritarrek ere akelarrean parte har dezakete?

Bai noski! Hori da gure oinarria eta gogoa: akelarre parte-hartzailea. Zati asko gure pertsonaiek egiten dute (Mari, Sorgin Nagusia, Aztia, Akerra eta Herria), baina jendea gogoz egoten da ahal duenean dantzan hasteko. Gu, pozik, ez baita ikusteko espektakulu bat, baizik eta denok parte garela sentiarazteko…. Denok daukagu gure sorgin edo aztia barruan!

Aurrera segitzeko gogoa daukazue?

Leioaztarrontzat gau magikoa da San Juan bezperakoa; geroz eta jende gehiago gerturatzen da akelarrea ikustera, eta horren parte izatera ere bai. Gainera, taldean jende berria sartzen ari da gutxika; hasierako taldetik oso gutxi geratzen gara. Bazen garaia erreleboa hartzeko! Hala ere, akelarreko parte izan garenok beti ibiliko gara horretan! Ezin dugu utzi.

Zer da gehien asetzen zaituztena akelarrea eginez?

Gau magikoa are magikoago bihurtzea; gau batez bada ere bakoitzak egiten duen pertsonaia dela sentitzea.

Akelarrea

Ekainak 23, zapatua

  • 18:00 Entsegua, txosnagunean.
  • 00:00 Akelarrea, txosnagunean.
  • Antzezkizuna baino lehenago (22:30) eta ostean (01:00), Trikizio taldeak girotuko du dantzaldia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun