Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, polizia-patruilak ibiliko dira jai-barrutian zein inguruetan, eta Leioako metro-geltokian ere bai, "istiluei eta erasoei aurrea hartzeko".
Horrez gainera, poliziek alkohola saltzen duten lokalak zainduko dituzte, adingabeei alkoholdun edariak saltzea eragozteko; eta aparteko lana egingo dute substantzia sorgorgarrien kontsumoaren eta trafikoaren prebentzioan ere. Ziurtatu dutenez, zigorrak ezarriko dituzte. Hori dela eta, dispositiboan, prebentziozko alkoholemiaren eta drogen kontrolak egingo dituzte, alkoholaren edo drogen eraginpean daudenek errepideetan zirkulatzea eragozteko.
Lapurretak
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietan parte hartuko duten denei ohartarazi gura diete kontuz ibiltzeko diru-zorroakaz eta bestelako objektuakaz, lapurretan aritzen diren delitugileak, "zorro-lapurrak" ugaritu egingo direlako jaietan; eta, bereziki, kontzertuetan, jende asko ibiliko dela aprobetxatuz.
Era berean, arreta berezia ipiniko dute jaiak gozatzea eta gainerako pertsonek atseden hartzeko duten eskubidea bateratzeko, Alkatetzaren dekretuan aurreikusitako ordutegiak betearazteko.