Leioako Sabino Arana kaleko obrek trafiko-aldaketak eragin dituzte

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 12a, 12:42

Leioako Sabino Arana kalea.

Uztailaren 4an abiatu zuten Leioako erdiguneko Sabino Arana etorbidea berriro urbanizatzeko obren lehen fasea; lanok Otsobarrena zein Iturriondo kaleetako zirkulazioan eragin zuzena izan dute, hau da, Udondoko bulebarra inguratzen duten kaleetan.

Otsobarrena kaleari dagokionez, norabide bakarreko kale bihurtu dute, Ikaztegiko aparkalekutik metro-geltokiko biribilgunerako bidean. Modu berean, Iturriondo kaleko tartearen kasuan, Ibarrabarri enpresa-parkerako sarbidea den biribilgunetik Ikaztegiko aparkalekuraino doan bidea norabide bakarreko errepide bihurtu dute, Luis Bilbao Líbano kalerako norabidean. Gainera, norabide bakarreko tarte horietan bietan, 8 metrotik gorako luzera duten ibilgailu astunak pasatzea debekatu dute.

Hauxe da 8 metrotik gorako ibilgailuek Lamiako industrialdeko zein Ibarrabarriko enpresa-parkeko instalazioetara sartzeko daukaten ibilbide berria:

  • "Unibertsitatea-Astrabudua-Erandio" loturara iristean, Avanzadako errepidetik (Bi-637) irten, eta Astrabuduko (Bi-647) saihesbidea hartu.
  • Astrabuduko saihesbide (Bi-647) horretatik segitu, Getxorako noranzkoan, Itsasadarreko errepidean (Bi-711) sartu arte.
  • Itsasadarreko errepidetik (Bi-711), Felipe del Río/Lamiakoko Dartsena kalea hartu, eta, hortik, metro-geltokiko biribilgunea eta Iturriondo kalea hartu, Ibarrabarri enpresa-parkean sartzeko.
  • Lamiako industrialdean sartzeko, ostera, Itsasadarreko errepidetik (Bi- 711) Autonomia edo Felipe del Río/ Lamiakoko Dartsena kaleak hartu.

Aldaketa horien denen azken xedea leioaztarren bizitza-kalitatea hobetzea da, udalerrian enplegua sortzen duten industria-jarduerakaz bizikidetza bermatuta.

Proiektuaren helburuak

Oinezkoentzako bide nagusi bat izango den kale hori berriro urbanizatzeko proiektuak zenbait aldaketa dakartza, helburu hauekaz: ibilgailuen mugikortasuna erregulatzea, aparkalekuen hornidura antolatzea, eta, halaber, ibilgailu pribatua erabiltzeagatik sortzen den soinu-inpaktua murriztea. Gainera, aldaketa horiek ekar litzaketen inpaktuak murrizteko asmoz, aurreikusita dago horiek fase desberdinetan garatzea.

Fase hau amaitzerakoan bigarren faseari ekingo zaio, Kandelazubieta eta Independentzia kaleetan. Horrez gainera, taxien geralekua Sabino Arana kaletik Elexalde etorbidera pasatuko da.

Azkenik, hirugarren fasean, Sabino Arana kalean bertan lanetan hasiko dira, baina zatika, bertako biztanleei eta merkatariei ahalik eta kalterik gutxien eragiteko. Udondoko bulebarreko aldetik hasiko dira eta azken lanak Iparraguirre etorbideko aldean egingo dira.

Lan hauek urtebete inguru iraungo duze, kaleko itxuraz gainera, azpiko aldeko erreforma totala egingo delako, bertako zerbitzu sareak (ura, saneamendua, argindarra…) berrituz eta hobetuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun