Leioako Telleria auzoan babes ofizialeko 11 etxebizitza eta 4 etxebizitza tasatu alokairuan emateko arautegian, etxebizitzak jasotzeko lehentasunak ezartzen ziren: lehendabizi Leioan erroldatutakoak; bigarren, Leioan lan egiten dutenak; eta horien ostean, EAEko beste udalerrietakoak. Hala ere, ez zen zozketa zelan egin behar zen zehazten. Leioan zehaztuta ez dauden gauza denetarako Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuen esleipenari buruzko arauak aplikatzen direla aipatu du Esnatu Leioak.
2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburaren Aginduaren arabera, etxebizitza eskatzen zuen bakoitzari zenbaki bana ausaz eman behar zitzaion. Horri jarraiki, Leioan argitara ziren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan zenbaki bana eman zitzaion eskatzaile bakoitzari, baina ez zen zehaztu zelan egin zen zenbakiak jartzearena. Beraz, hori argitzea eskatu du Ahal Duguren inguruko alderdiak.
Baliogabea
Zozketari dagokionez aginduak zera dio: "eskaera-zenbaki bat ausaz hautatuko da, eta horretatik hasiko dira
etxebizitzak esleitzen, banan-banan sustapena amaitu arte". Hala ere, Artirent XXI enpresak egindako zozketan eskatzaile denen zenbakiak ateratzen joan ziren, banan-banan. Beraz, aplikatu behar zen arautegia bete barik egin zen zozketa. "Prozedura administratiboaren oinarriak ezartzen dituen 2015/39 legearen 47. artikuluaren arabera, aplikatu behar den arautegia bete gabe gauzatzen diren egintza juridikoak baliogabeak dira", diote Esnatu Leioakoek.