Leioako Opus Deiko ikastetxeko irakaslea zenak ukatu egin du gazteaz abusatu izana. Aitortu du ikasle horregaz ohi baino denbora gehiago igaro zuela tutoretzetan, baina esan du "ikasle txarra" zelako izan zela. Gaineratu duenez, beste ikasle batzuei ere antzeko denbora eskaini zien. "Ez zituen azterketak prestatzen, eta gurasoek ikastetxea egiten zuten semearen nota txarren erantzule. Beraz, nik ikasteko presio egiten nion, bestela arazo bat izango genuen, berak, nik eta ikastetxeak", esan du akusatuak. Bestalde, uko egin dio akusazio partikularren galderak erantzuteari.
Biktimak deklaratu du ostean, zuresi baten atzean. Salaketa berretsi du. Fiskalak eta defentsak hainbatetan galdetu diote ea zergatik ez zuen lehenago kontatu; zergatik hasieran soilik salatu zituen ikaskideen erasoak. "Beldurragatik", erantzun du. "Hasieran ez nuen orain dudan indarra. Eta, bukaera aldera, lotsa ere sentitzen nuen", gaineratu du. Esan du gaur egun erruduntasun sentimendua duela, ez zuelako ihes egiten irakasle ohiaren bulegotik.
Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du, eta 40.000 euroko kalte ordaina. Familiaren abokatuak hamar urteko zigorra eskatu du. Defentsak, berriz, absoluzioa gura du.