Zergatik sortu zenuten Iñigo Cabacas Leioa taldea?
Zientzia Politikoetako lehenengo ikasturtea egiten geundela, lauzpabost lagun elkartu ginen unibertsitatean hutsune bat zegoela sumatu genuelako. Iñigo Cabacasen hilketaren urteurrenean, EHUko Leioako campusean "Pitu"-ri omenaldi bat egin behar zitzaiola uste genuen. Daborduko lau urte igaro dira.
Ordutik hona mobilizazioak egin dituzue campusean?
Bai. Lehenengo urtean elkarretaratze bat egitea erabaki genuen eta ikasle ugarik bat egin zuen deialdiagaz. Egun horretatik aurrera manifestazio ugari egin izan dugu, ikusten genuelako aldarrikapen honen inguruan jende gehiago batu genezakeela. Gainera, gauza nahiko bitxia gertatu zitzaigun: hasieran Iñigo Leioako campuseko ikaslea izan zenik ez genekien, baina, egun batean haren gurasoak etorri ziren guk deitutako elkarretaratzera, eta ordutik etengabeko harremana daukagu eurakaz.
Orain arte oztoporik ipini al dizue EHUk?
Iñigo Lan Harremanetako ikaslea izan zela jakinda, bigarren urtean erabaki genuen manifestazioa egitea Mikel Laboa plazatik berak ikasitako fakultatera, eta han "Pitu"-ren omenezko plaka bat ipintzea. Hori dena aurrera eroateko, unibertsitateko arduradunakaz berba egitea bururatu zitzaigun, baina euren erantzuna ez zen izan espero genuena: Lan Harremanetako dekanoak ezezkoa eman zigun, Iñigoren familiari doluminak helarazi zizkioten arren, "auzia argitu barik" zegoelako eta Iñigo nork hil zuen ez zekitelako. Berdin-berdin ipini genuen plaka; ez zen ezelako arazorik egon.
Ze espero duzue orain egiten dabiltzan epaiketaz?
Ba, egia esan behar badugu, ikasleok ez dugu asko espero epaiketa honetatik: ertzain denak ez daude jesarrita akusatuen aulkian, eta gainera, jesarrita daudenen artean kontraesan asko ematen ari dira. Epailea nahastu gura dute. Gainera, gure ustez, Iñigo hil zutenean Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburua zen Rodolfo Aresek egon beharko luke akusatuen artean, eta Ugarteko ere bai. Tamalez, epaiketa da Iñigoren sendiari geratzen zaion helduleku bakarra, justizia egingo delako esperantza mantentzeko.
Mobilizatzen jarraitu beharko duzuela ikusten duzue?
Fiskaltzaren zigor-eskaera hutsaren hurrengoa da; ematen du aurretik dena lotuta zeukatela. Gehien jota, lehenengo ofizialak eroan lezake zigorren bat. Espero dugu ez gertatzea; baina, absolbitzen badituzte, mobilizaziora deituko dugu Leioako campusean. Zalantzarik ez izan.