Oraindik ere fiskaltzak eroskeria, prebarikazioa, derrigortzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen badie ere, handia da hasierako eta oraingo espetxe-zigorraren eskariaren aldea.
Epaiaren ondoren ondorioztatu dute frogatu dela Alfredo de Miguel Arabako EAJko "bigarren" eta foru diputatu ohiak hainbat enpresen "sarea" osatu zuela kontratu publikoak modu irregularrean lortzeko eta kanpoko komisioak kobratzeko. Fiskalaren arabera, enpresa-sare horrek 700.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan, eta hamasei milioi bestelako operazioetan, "kontratu simulatuen bitartez". Besteak beste, fiskalak dio komisioak jaso zituztela Miñaoko (Araba) teknologia parkeko lursail batzuen salerosketagatik eta Zanbrana herrian (Araba) kale egin zuen lursailen-kalifikazioko aldaketa urbanistiko baten truke. Sare horretan zeuden, berbarako, Kataia enpresa De Miguelek eta Koldo Otxandiano zein Aitor Telleria EAJko kide ohiek sortua, Loizate enpresa taldea, Ortzi Muga eta Errexal. Azken hori zen Leioako Mendibile Jauregia kudeatzen zuen sozietatea; Iñaki San Juanen enpresa, alegia.