Azaroak 25

Bitxia, sexu abusuen aurka Gazteluetako zuzendaritzak erakutsi duen “determinazio sendoa”

Mikel Garcia Idiakez / Argia.eus 2018ko aza. 20a, 18:02

Gazteluetako irakasle zena kondenatu dute, 12 urteko ikasleari sexu abusuak egin zizkiolako, eta ikastetxeko zuzendaritzak adierazi du “konpromisoa” eta “determinazio sendoa” dutela abusuen aurkako borrokan. Zein konpromiso baina?

Sexu abusuak salatu zirenean ikastetxeak ez zuen protokoloa martxan jarri, ikuskariak hiru aldiz hala eskatu zion arren; urteotan irakaslea nabarmen babestu du zuzendaritzak, haren irudia garbitzen saiatu da; eta lazgarriagoa dena, neurriak hartu zituen biktima gezurretan ari zela sinetsarazteko.

Ikastetxeko zuzendaritzak esan arren garden jokatu dutela uneoro, praktikan irakaslea babestu dute. Gogoratu 25 ikasle eta irakasle animatu zituztela dokumentu bat sinatzera, biktimaren kontakizuna gezurra zela adieraztea beste helbururik ez zuena (dokumentuan baieztatzen zen inoiz ez zutela ezer arrarorik sumatu, erasoak egin ziren bulegoko atea beti zegoela irekita, irakasleak errespetu handiz jokatzen zuela beti ikasle horrekin…). Hala ere, ikaskideetako batek biktimari eman zion arrazoia, besteak beste esanez bulego horretan besteekin baino denbora gehiago ematen zuela erasotzaileak biktimarekin.

Horrez gain, epaiketaren aurretik webgune bat sortu zuen ikastetxeak, berriz ere irakaslearen izen ona defendatu eta ikaslearen bertsioa zalantzan jarriz.

Prozesua kutsatzen

Konpromiso sendoa beste zerbait da. Gutxienez, protokoloa martxan jartzea, benetako ikerketa abiatzea, abusuak salatu dituenari sinesgarritasuna kentzen saiatu ordez haren hitzak ere aintzat hartzea, eta egia argitzeko prozesua kutsatzen ez saiatzea irakaslearen bertsioaren aldeko kanpaina eginez.

“Atsekabetuta” daudela ere badio zuzendaritzaren komunikatuak. Tira, egiaren aitortzak, behintzat, lagunduko al dio ikasle-ohiari ziklo hau ixten. Gertaera haiei lotuta, ez dezagun ahaztu, kanpora joan behar izan zuen familiak, mutila bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gaur egun psikologoarenera joaten jarraitzen du.

Artikulu hau Argia aldizkariko Mikel Garcia Idiakez kazetariak argitaratu du, eta creative commons lizentziari esker ekarri dugu hona

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun