Ikastetxeko zuzendariak epaia gaitzetsi eta ikasle ohiaren lekukotza auzitan ipini du

Berria.eus 2018ko aza. 29a, 16:23

Leioako (Bizkaia) Gazteluetako zuzendari Imanol Goyarrolak haserrea agertu du goizean ikastetxean bertan egin duen agerraldian. Tonuan eta aurpegikeran nabaritzen zitzaion tentsioa. "Ez dut epaia onartu beste erremediorik, baina argi geratu dadila ez dudala harekin bat egiten. Are gehiago: uste dut bidegabekeria bat egin dela".

Esan du "harrituta" dagoela abusuak sufritu zituen gaztearen lekukotza hartu delako froga bakar modura. "Ezin dut sinetsi kontraesanez betetako lekukotza bat nahikoa izatea pertsona bati 11 urteko zigorra ezartzeko". Honela laburbildu du epaia: "Ikasleak dioen guztia egia da, eta kontrakoa dioena gezurretan dabil". Berak epaiketan egindako adierazpenak manipulatu direla ere salatu du. 

Aitortu du perituek sinesgarritasuna eman diotela gaztearen lekukotzari. "Baina egia bada, osoa izango da egia. Eta kontakizunaren zati bat ez da egia, gertaera horiek publikoan gertatu zirelako, eta lekukoek gezurtatu egin dutelako. Lekukorik egon ez eta ezkutuan gertatu den hori egia dela sinetsi behar dugu?". Ikastetxearen jarduna defendatu du. Esan du hasieratik gurasoekin komunikazio zuzena izan zutela. "Baina ezin nuen kondenatu frogarik gabe". 

Goyarrola ere biktimaren tutore izan zen; justu zigortutako irakaslea izan aurreko bi ikasturteetan. "Askotan pentsatzen dut neu izan nintekeela abusuak leporatu dizkioten irakaslea. Babesgabe sentitzen gara irakasleak". Zigortua ia beste ehun ikasleren tutore izan zela ere azpimarratu du: "Beti esaten da predatzaile sexualek biktima bat baino gehiago izaten dituztela. Kasu honetan guztiei galdetu diegu eta denek irakaslearen oso balorazio ona egin dute". 

Irakasleekin eta biktimaren ikaskide ohiekin hitz egitera animatu ditu kazetariak. "Ikertu zeuok ea egia den epaiak dioena". Abusuak gertatu ziren bulegoa ikustera gonbidatu ditu kazetariak. "Epaileak sekula ez dira etorri. Hezkuntzako ikuskaria etorri zen, eta epaiketan argi esan zuen bere ustez bulego honetan abusuak egin izana sinesgaitza dela". Abusuak salatu zirenetik ikastetxeko ateetan leihotxoak zabaldu dituzte; baita bulego hartan ere.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun