Elkarrizketak

Jon Maia: "Ez dakigu Lorca eta Lauaxeta elkarrekin egon ote ziren bizi zirela, baina heriotzak batu egin zituen"

Unai Brea 2019ko urt. 16a, 16:47

"Nire interesa litzateke lehengo etorkinekiko gertatu zen begirada klasista ez gertatzea oraingoekiko". CC-BY-SA DANI BLANCO / ARGIA

Federico García Lorca eta Esteban Urkiaga Lauaxeta poeten figurak uztartzen dituen Ele! Lorca-Lauaxeta antzezlana ikusbide izango da barikuan Kultur Leioako auditoriumean, arrastiko 20:30etik aurrera. Obraren gako nagusiak azaldu dizkigu gidoiaren sortzaileak, Jon Maia zumaiarrak. Lauaxetarena ere egiten du Maiak.

Zelan sortu zitzaizun ideia?

Orain dela bi urte bi poeten erailketaren mendeurrena izan zen, eta horren bueltan ikuskizun bat edo zerbait egingo nuen galdetzera etorri zitzaizkidan batzuk. Bazeuden osagai oso interesgarri batzuk, esaterako Lauaxetak Lorcari bidali zion gutun bat, miresmena aitortuz eta hitzordua eskatuz, Lorca Bodas de Sangre estreinatzera Bilboko Arriaga Antzokira etorri zen batean, bizkaierara itzulitako bere poema batzuk irakurri nahiko lizkiokeela eta. Lorcaren poema batzuk. Abiapuntu horrek eman zidan aukera ez mugatzeko bi poeten antologia bat egitera edo omenaldi bat egitera, baizik eta gaia gaur egungo Euskal Herrira ekarri eta bi kultura horien arteko elkarbizitza gatazkatsuari buruz hitz egin ahal izateko.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago.

Bai, bi hizkuntzak nahasten dira, eta bi hizkuntzetako bat jakin gabe ere arazorik gabe jarraitu daiteke obraren haria. Baina ez dira bi hizkuntza horiek bakarrik, musikaren hizkuntza ere badago, kantuak daude, dantzaren hizkuntza ere bai, eta ikus-entzunezkoak. Denen artean oso ondo eraman daiteke haria. 

"Euskal Herrian gatazka urteetan bizi izan dugun gizarte banaketa kulturala argia emango dion bi poeta handi hauen besarkada izango da", idatzi duzu. Sarritan aipatzen duzun gaia da Espainiatik etorritakoen eta hemen jaiotakoen arteko talka, berba egokia baldin bada hori.

Niri estereotipoa puskatzea interesatzen zait. Etorri zirenekiko estereotipo batzuk sortu ziren: mantxurriano, koreano, maketo…  Eta kanpotik etorri zirenek ere egin zituzten estereotipoak bertakoei buruz. Maketo, mantxurriano eta háblame en cristiano-ko garai horretatik gatoz. García Lorca errepublikanoa eta andaluza zen, eta bere balore libertarioengatik Francoren fusilek erail zuten; Lauaxetak, euskal gudarosteko komandanteak, bere herriaren burujabetzagatik galdu zuen bizitza. Biak poetak, biak gazteak, eta biak fusil berdinek erailak urtebeteko epean. Horrek zer pentsatua ematen du, behintzat pentsatzeko abiapuntua. Bien arteko besarkada gertatu zen, ez dakigu elkarrekin egon ote ziren bizi zirela, Lauaxetak hitzordua eskatu zion hartan, baina heriotzak batu egin zituen.

Antzekotasuna dago bien obretan?

Esango nuke ezetz, baina badakigu Lauaxeta Lorcarengan inspiratu zela. Lauaxetak Lorcaren esaldi asko hitzez hitz kopiatu zituen bizkaierara pasata, alegia itzulita, eta beste batzuk oso antzekoak egin zituen. Horrekin ere jolasa egiten dugu antzezlanean.

Gai labaina, kopiaketa...

Nire ustez guztiz gauza normala da. Denok gabiltza gauza berdinak esan nahian, bakoitza bere hizkuntzan. Zeinek esango dizu zuk idatzitako zerbait ez dagoela dagoeneko idatzita munduko beste hizkuntzaren batean?

Mantxurriano, maketo… Migrazioaren gaia berpiztuta daukagu orain.

Nire interesa litzateke gure historiaz ikastea historia errepikatu ez dadin. Esaterako, lehengoekiko gertatu zen begirada klasista ez gertatzea oraingoekiko, datorrena pobreagoa denean gertatzen den begirada mota hori.

Gauza horiez berba egin ote zuten Lorcak eta Lauaxetak? Eurek esandakoetatik, zer dago orain bizi?

Lorcak esaldi bat dauka: "Prefiero un chino bueno que un español malo". Nik berdin esango nuke euskaldun batez, eta espainol batez ere bai.

Bien arteko elkarrizketa modura planteatuta dago Ele! Lorca-Lauaxeta?

Esan dizudan bezala, hizkuntza asko daude obran. Dantzarekin hasten, gero musika hutsa dago, gero poemak… Harilkatzea berezi samarra da, azken batean ikusleari esaten diozu: "Eman eskua eta historian zehar eramango zaitut". Egia esan, ikusteko erakargarria da zentzu horretan, ez da delako behin ere trabatzen, hizkuntzaz eta adierazpidez aldatuz doa, progresioan. Oso hunkigarria izan da egin dugun guztietan. Malkoak kusi ditugu.

Ohituta zaude oholtza gainean egoten, baina beste errota bateko ura bat da aktore lanetan murgiltzea, are gehiago antzerkian…

Hala da, gauza askotaz gogoratu behar duzu: noiz sartu, noiz irten, nola mugitu, zer datorren ondoren… Niretzat zailagoa da. Memoriaz kantatzea niretzat zailagoa da inprobisatzea baino.

Prestakuntza berezirik eduki duzu?

Josu Kamara izan da gure zuzendari artistikoa, eta berak lagundu digu interpretazio-kontu guztietan. Antzezpen osoan haren eskua nabari da, maisu handia da eta eskerrak berari.

Nonbait irakurri dut antzezlanaren azken ekitaldia berezia dela, baina pentsatzen dut ez didazula aurreratuko zergatik.

Kar kar, ez, hobe spoilerrik ez egitea. Haria, obraren logika, puskatu egiten dela esango dizut, eta zerbait berria agertzen dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun