Zauriturik ez, Sakoneta kiroldegiko areto batean sabaia jaustearen ondorioz

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 24a, 10:30
Kirol-instalazioen kudeaketaren gaineko eztabaida berpiztu du Sakonetako gertakariak. ©LEIOAKO UDALA

Sakonetako udal-kiroldegiko sabai faltsu bat jausi zen atzo, arratsaldeko 16:00ak aldera. Bertan jendea zebilen arren, ez da kalte pertsonalik izan. Gertakariaren arrazoiak ez dira oraindino argitu.

Jausitako sabai faltsua muskulazio-aretokoa izan zen, zehazki. Momentu horretan erabiltzaile bat eta begirale bat zeuden bertan, baina ez zaie ezer jazo. Ezbeharrak haserrea eragin du herritar askorengan, eta kiroldegiaren kudeaketaz kritika ugari zabaldu da, leihoa.info webguneak jaso duenez.

Erabiltzaile batzuk kexatu egin dira kiroldegia ustiatzen duen enpresaren eta Udalaren beraren "utzikeria" dela eta. Egoeragatik protesta egitera animatu dituzte leioaztarrak. Beste batzuek kiroldegi berri eta duina eskatu dute, gertatutakoa ikusita.

Udalak ohar bat kaleratu du ezbeharraz. Azaldu dutenez, Mari Carmen Urbieta alkatea kiroldegira joan da sabaia jausitako aretoaren egoera begiztatzera. "Lehenbailehen hasiko gara lanean kalteak konpontzeko, eta ahalik eta lasterren normaltasunera bueltatzeko", adierazi du. Sabaia jausi den aretoa itxi beharko dela gehitu du alkateak, bana ez kiroldegi osoa. Momentuz ez da azaldu jazotakoaren zergatia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun