Protagonista euskara den antzezlan bat, hara.
Bai, distopia bat da. 3000. urtean ustez azkenengo euskalduna dena ospitalean dago, hiltzeko zorian... Tira, osasuntsu dago, baina beraren heriotza guztiz programatuta dago. Hizkuntza guztiak desagertu dira, hizkuntza global bakarra dago eta euskaldunarekin zer edo zer gertatzen da. "Zer edo zer" horren harira, bueltatu egiten gara historiaurrera, erromatarren garaira... Hainbat sasoi eta egoeratara bidaiatzen dugu, eta gauza bereziak gertatzen dira, batzuetan barregarriak, beste batzuetan hunkigarriak…
Euskararen iraupenaren misterioari eman gura izan diozue arreta.
Bai, Mitxelenak esaten zuen moduan euskararen misterioa ez da hainbestetan aipatzen dena, nondik datorren, nola sortu zen... baizik eta nola iraun duen hainbeste mendetan zehar eta hain baldintza zailetan. Guk hori aztertu dugu, zergatik irauten duen hizkuntza batek, eta zehazki euskarak. Oro har hizkuntzei buruz hitz egin dugu, zer garrantzi daukaten, zertarako balio duten, zergatik irauten duten edo desagertzen diren.
Hizkuntzagaz jolas asko egiten duzue obran, ezta?
Bai, hizkuntza asko erabiltzen dugu, baina antzerki-jokoak egiten ditugu ikusleek momentu guztietan jakiteko zer esaten ari garen, nahiz eta latina, edo protoeuskara, edo miq-mack, Ternuako hizkuntza desagertua, erabili. Ez dugu azpititulurik erabiltzen.
Aktoreentzat lan berezia izango da hainbeste hizkuntzatan lan egitea...
Egia esan, ez da erraza, ikusleak ohartuko dira horretaz. Dena dela, nire pertsonaiari ez zaio asko kostatzen. Nik egiten dut hilzorian dagoen azken euskaldunarena, euskaraz besterik egiten ez duena. Badaude plano bi: batean azken euskaldun eta beraren medikua daude, euskaldunak historia batzuk kontatzen dizkio medikuari, eta historia horiek ikusi egiten dira, beste aktoreek egiten dituzte. Horiek dute kristoren pisua hizkuntzen joko horretan. Euren burua eraldatu behar dute, garai eta pertsonaietara bidaiatu behar dute...
Hizkuntza bat asmatu eta guzti egin duzue, 3000. urteko hizkuntza global fikzioko hori. Zaila izan da? Zelan egin duzue?
Patxo [Telleria] ibili da horretan, hark idatzi du testua. Hizkuntza guztiek dute oinarri bat, eta garrantzitsuena ez da esaten diren hitzak. Erabiltzen dugun protoeuskara ere oinarri baten gainean asmatutakoa da, ez dakigu zelan esaten ziren zehazki soinu haiek. Eta 3000. urteko hizkuntza hori esperantoan oinarrituta dago. Baina "tuneatuta". Batzuetan interesatzen zaigu ikusleek ez dezatela esperanto moduko hori ulertu, eta beste batzuetan uler dezatela. Ez da guztiz zientifikoa baina oinarri sendoa du.
Sinopsian diozue azken euskaldun horrek izkin egin gura diola halabeharrari, ez duela bere patua onartu gura. Esan daiteke zelan egin gura duen hori? Edo spoiler egitea litzateke?
Ezin da askorik esan, kar kar. Berak estrategia bat dauka euskarak bizirauteko, poliki-poliki ikusiko dena.
Euskaltzaindiagaz elkarlanean egindako lana da. Zuek proposatu zenieten elkarregaz jardutea?
Ez, eurei bururatu zitzaien gurekin harremanean jartzea euren mendeurrena zela eta. Etorri egin zitzaizkigun, esanez "egiten duzuena gustatzen zaigu eta hurrengo muntaketan guk parte hartzea gustatuko litzaiguke". Egin nahi duzuena, esan ziguten. Guk baietz, eta halaxe egin genuen. Pentsatu genuen zer egin, euskararekin zerikusia zuen zerbait noski, baina Euskaltzaindiak ez zigun zelakoa izan behar zuen obrak, izan ere estreinaldian ikusi zuten zer egin genuen. Askatasuna izan dugu eta eskertzekoa da. Eurek produkziorako laguntza eman digute.
Emanaldiaren xehetasunak:
EGUNA: Martxoaren 10a, domeka
ORDUA: 19:00
LEKUA: Kultur Leioako auditoriuma
SARRERA: 6-12 euro