Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeetarako hautagai-zerrenda aurkeztuko du EAJk gaur

Unai Brea 2019ko mar. 29a, 12:53

Iban Rodriguez EAJren zerrendaburua alkateordea da gaur egun. © EAJ

EAJk maiatzaren 26ko hauteskundeetarako zerrenda aurkeztuko du jendaurrean gaur, arrastiko 19:00etan Leioako Batzokian egingo den ekitaldian. Jeltzaleen zerrendaburua Iban Rodriguez izango da, gaur egungo alkateorde eta Hirigintza, Ingurumen eta Garraio zinegotzia.

Karguan sei urte eman ostean, Mari Carmen Urbietak Leioako alkate izateari utziko dio datorren legegintzaldian. Maiatzeko hauteskundeetan berriro ere EAJk irabaziz gero (kontrakoa ezuste handia litzateke), Iban Rodriguez jesarriko da alkateari dagokion besaulkian.

Bai Rodriguez bai haren zerrendakideak ekitaldi publiko batean aurkeztuko dituzte gaur arrastian, Leioako Batzokian. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak ere parte hartuko du aurkezpenean, Leioako Uri Buru Batzarreko kideakaz batera.

"Alkategaiak esperientzia eta gazteria uztartzen duen lantaldea izango du, Leioaren alde lan egiteko eta konprometitzeko gogotsu dauden emakume eta gizonak", azaldu du EAJk ekitaldi iragartzeko bidalitako oharrean. Alkategai berriaren lanerako gaitasun handia goraipatu du bere alderdiak, baita Udalean zinegotzi daroatzan urteetan agertutako eskarmentua ere.      

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun