Udal-hauteskundeak 2019

Jose Ignacio Vicente izango da Esnatu Leioako alkategaia

Kerman Santiago Alkorta 2019ko api. 15a, 12:02

© ESNATU LEIOA

Zapatuan, hilak 13, hautagaitzaren aurkezpena egin zuen Elkarrekin Podemos Esnatu Leioak, bulevarrean. Jose Ignacio Vicente izango da alderdiaren zerrendaburua.

Esnatu Leioak eta Irabazik akordioa egin dute, eta maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan batera aurkeztuko direla iragarri dute. Manuela Martin eta Loli Lozano zinegotziak izateko hautagaiak, Eukene Arana Elkarrekin Podemosen legebiltzarkidea eta Roberto Uriarte Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua bertaratu ziren zapatuko ekitaldira, besteak beste.

Lau urte hauetan herritarren “benetako beharrizanak” asetzeko proposamenak egin dituztela adierazi du Vicentek: “Gobernu-taldeak atzera bota zituen guk proposatutakoak, baina kasu askotan, aplikatu diren neurriak izan dira”. Besteak beste, UDA programa bidez familiei opor garaian diru-laguntzak ematea, udalerriko autobus-sarea indartzea edo eskola-materiala erosteko diru-laguntzak areagotzea Esnatu Leioak “jokatu duen rolaren emaitza” direla azaldu du alkategaiak.

Bestalde, Roberto Uriarte Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak hauteskunde orokorretan Unidas Podemos bozkatzeko deia egin du. Vox-ekiko beldurra “puzten” ari dela azaldu du: “Beldur handiagoa diot Albert Rivera Pedro Sanchezen presidenteordea izateko aukerari”. Gutxi batzuen agindutan gobernatuko luketela eta Ibex 35-aren aldeko politikak bermatuko lituzketela adierazi du Uriartek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun