Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: alkatea aldatu arren, gaur egungo zinegotziak zerrendetan nagusi

Unai Brea 2019ko mai. 7a, 07:58

Dozena erdi indar politikoren artean aukeratu ahal izango dute botoa nori eman, datorren maiatzaren 26an bozkatzera joango diren leioaztarrek. Mari Carmen Urbietak ez du alkatetzan jarraituko, baina EAJ garaile izatekotan (eta kontrakoa ezusteko itzela litzateke), aldaketa ez da hain handia izango.

Esperientziaren alde egin du Leioako Euzko Alderdi Jeltzaleak udal-hauteskundeetarako: bere zerrendako lehenengo bostak zinegotziak dira gaur egun. Denetan buru, Iban Rodriguez alkateordea, eta azken sasoian udal-gobernuaren aurpegirik ezagunena, hedabideen aurrean behinik behin hark egin baititu normalean bozeroale-lanak. Zentzu horretan, kanpo-irudi aldetik ez da hainbeste igarriko alkatea aldatzea. Alkateordea ez ezik, Hirigintza, Ingurumen eta Garraio zinegotzi ere bada Rodriguez. Zalantza gutxi dago hark hartuko duela Mari Carmen Urbietak sei urteren ostean utziko duen kargua.

Zinegotziak dira ia zerrendaburu denak

Orain dela lau urteko bigarren indarra, Esnatu Leioa, ez da izen horregaz aurkeztuko oraingoan. Ez guztiz, behintzat. Elkarrekin Podemos koalizioak (Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak) udaletako hauteskundeetara joateko hartutako erabakiak mota guztietako egoerak sortu ditu herrietan. Leku batzuetan Elkarrekin Podemosen murgildu dira 2015ean Podemosen ildotik sortutako herri-hautagaitza independenteetako kideak, eta beste batzuetan norbere aldetik joango da. Leioa lehenengo multzokoa da, baina ñabardura txiki bategaz: "Esnatu Leioa" berbak mantendu egingo dIRa hautagaitzaren izenean. Elkarrekin Podemos-Esnatu Leioa, honenbestez. Alkategaia Jose Ignacio Vicente da, azken lau urteetan zinegotzi izandakoa. Beste aurpegi ezagun bat.

Zinegotzi bat gutxiago lortu arren, botoetan Esnatutik hurbil geratu zen 2015ean EH Bildu, udaleko hirugarren indarra. Eurek ere jardunean dagoen zinegotzi bat aukeratu dute zerrendaren goiko alderako: Jokin Ugarte, 2011tik udalean dagoena. Gainerakoan, aurpegi berriak dira nagusi koalizioaren hautagaitzan. "Zerrenda plural eta zabala" aurkezteko borondateagaz jokatu du EH Bilduk, azaldu dutenez.

EH Bilduk bezala, hiru zinegotzi ditu PSE-EEk, hirurak ere Gobernu Batzordean, EAJk eta sozialistek EAEn lortutako akordioa dela medio. Euretako bat izango da zerrendaburua: Juan Carlos Martinez, momentuz Gizarte Ekintza, Osasungintza, Berdintasun eta Garapen lankidetzako zinegotzi karguan dagoena izandakoa. Zerrendan joango da, modu berean, Enara Diez, gaur egun Berdintasun eta Hezkuntz zinegotzia dena. Apirilaren 28an oso emaitza ona lortu zuten sozialistek Leioan, EAJren ostean bigarren.

Azkenik, PP ez da salbuespena izango, eta daborduko zinegotzia den pertsona bat aurkeztuko du alkategai: Jazael Martinez. EAEn krisi betean daudela, oraingo zinegotzi biei eusten ahaleginduko dira popularrak. Ikusi beharko da helburu hori lortzeko bidean norainoko oztopoa suertatzen zaion maiatzaren 26rako aurkeztu den seigarren indarra: Vox. Hauteskunde orokorretan 542 leioaztarrek eman zioten botoa Abascalen alderdi ultraeskuindarrari.

Kiroldegia, denen ahoan

Kiroldegi berria izango da Leioaren erronkarik handiena hastera dagoen agintaldian, Iban Rodriguez EAJren hautagaiak bere alderdiaren Gure Lurra aldizkariari emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez. Haren esanetan, datozen lau urteetan gauzatuko da proiektu hori. Bestalde, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko neurriak hartu gura ditu Rodriguezek (aipatutako elkarrizketaren ostean ipini zen martxan Lejoan Busa zerbitzua), eta erdigunean aparkatzea errazteko ideiak ere azaldu zituen, Leioako leku gehienetan autoa uzteko zailtasun handirik ez dagoela pentsatu arren. Kultur arloan, Umore Azoka indartzeko helburua aipatu zuen Rodriguezek, hala nola kultur ekimenak auzoetara hurbiltzekoa.

Elkarrekin Podemos-Esnaturentzat, lehentasunetako bat da urteetan galdutako zerbitzu publikoen kudeaketa udalera bueltatzea, "baldintza egokietan diharduten langileek herritarrei zerbitzu hobea ematen diete eta". Udaleko gai garrantzitsuen gaineko erabakiak kontsulta bidez hartzea ere proposatzen du Jose Ignacio Vicente buru duen hautagaitzak; plano zehatzago batean, udaleko zenbait gunetan metroaren ibilbidea lur azpira eroatearen alde dago Elkarrekin Podemos-Esnatu, eta zelan ez, kirol-ekipamenduaren gaineko eztabaida oso garrantzitsua izango dela uste du.

Alokairu sozialak

Kiroldegiaren gaia du berbabide EH Bilduk ere. Berri bat egitearen beharra azpimarratzen du koalizioak, eta haren ezaugarriak denen artean adostu beharra dagoela aldarrikatu. Halaber, auzoak biziberritzeko plana gura du EH Bilduk, parte-hartze bidez egindakoa eta auzokideen kontrolpekoa. Alokairu soziala behar duten guztien esku ipintzearen alde ere agertu da indar abertzalea, eta oro har politika ekologista eta feministak indartzearen aldeko apustua egin du, den-dena herritarren parte-hartzea sustatu bitartean.

Juan Carlos Martinez PSE-EEren alkategaiak, bere aurkezpenaren egunean, "fokua pertsonengan ipintzeko beharra" azpimarratu zuen, EAEko sozialisten aurre-kanpainako lelo nagusiari eutsiz. Konkretuagoa izan zen Gizarte Zerbitzu denak eraikin bakarrean biltzeko proposamena egin zuenean, Eguneko Arreta Zerbitzua leku horretantxe ipinita. Etxebizitza komunitarioak eta zaintzapeko apartamentuak martxan ipintzeko beharra ere aldarrikatu zuen Martinezek, eta bereziki gazteentzako alokairuzko etxeak eskatu zituen.  

Polizia gehiago eta komisaria berria

PPk, legegintzaldian hainbatetan egin bezala, segurtasunaren arazoa daroa bere gai garrantzitsuen zerrendako lehenengo lekura. Polizia gehiago kontratatzea gura dute popularrek, eta erdigunean komisaria berria ipintzea. Ezin aipatu gabe utzi, jakina, kiroldegi berriaren gaia, zalantza barik legegintzaldiko eztabaidarik handienetakoak piztuko dituena. Halaber, bazterreko auzoei arreta handiagoa ematea eta La Avanzadako errepidea eta Metroa lur azpira eroatea ere gura luke Jazael Martinezen taldeak. Azkenik, zenbait zerga eta tasa jaisteko eskaria eroango du PPk udaletxera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun