Gero eta lan handiagoa dutela eta ez dagozkien zereginak egin behar izaten dituztela adierazten dute udaltzainek banatutako idatzian. Langile-kopurua ez dator bat udalak duen biztanle-kopuruagaz, euren esanetan. Are gehiago, EAEko udaletan ratio txikienetakoa edo beharbada txikiena Leioako duela uste dute: 1,27 agente 1.000 biztanleko. "Ratio hori 1,8koa izatera gomendatzen da", diote.
Lanpostu berriak sortzeko eta gaur egungo lantaldean sortzen diren hutsuneak ahalik eta arinen betetzeko eskatzen dute, baina kexu dira lehenbiziko eskariari ematen zaion erantzuna beti ezezkoa dela, bai alkatearen bai Udaltzaingoko nagusien euren aldetik. Bigarrenari dagokionez, Leioako lan-eskaintza publikoa gehiegi atzeratzen ari dela uste dute. Bestalde, Udalak segurtasun-zinegotzi bat izendatzea gura lukete, bitartekaritza haregaz zuzenean egiteko, "alkateagaz biltzeko zailtasunak direla eta".
Leioako lan eskaintza-publikoan, oraintxe, zazpi lanpostu eskaintza aurreikusita dago, eta udaltzainek gura dute hamabi izatea. Hala balitz, 53 agente izango lituzke Udaltzaingoak.
Soldata eta egoitza hobeak
Udaltzainen berbetan, orain dela urte batzuk Udalak mahai gainean ipini zien agenteek ordutegi malguagoakaz lan egitea, diru-sariak handitzeko bide modura. Orain, ordea, "egoera ekonomiko globalaren hobekuntzak" inguruko udaletan % 5eko igoera egiteko aukera eman duela diote, eta horixe bera Leioan ere gauzatzea gura dute, "horretarako lan-egutegia handitu behar barik".
Lanerako behar bezalako material-faltaz ere kexatu dira idatzian. Garraiobideak eta informatika-sistema ez berritzea salatu dute besteak beste, eta zenbait lan-gune ("bereziki emakumezkoen aldagelak") desegokiak direla gaineratu dute. Irtenbideetako bat euren egoitza Udaletxeko eraikinetik ateratzea eta leku egokiago eta handiago batera eroatea izan litekeela adierazi dute.
Aipatutako eskaerak lortzen gogotik ahaleginduko direla iragarri dute, eta azpimarratu dute "ez dutela baztertzen" aldarrikapen-ekintzak egitea.