Eskolako hegiak

Euskararen erabilera indartzeko bideak sortzen

Oier Iturralde 2019ko aza. 19a, 13:34

© BETIKO IKASTOLA

Azken urteotan Ikastolen Elkarteak ohartarazi du ikasleen euskararen erabilerak eta kalitateak modu larrian behera egin duela; kanpoko ebaluazioen emaitzek ere hala erakutsi dute. Argi gorriak piztu dira, eta ikastoletan indarrak biderkatu ditugu erabilera, kalitatea eta euskararekiko atxikimendua indartzeko.

Betiko Ikastolan Ikastolen Elkarteak egindako hausnarketarekin bat egiten dugu; hori dela eta, beste hainbat ikastolak egin bezala, geu ere kezka zein helburu horri atxiki gatzaizkio, hau da, indarrak biderkatu ditugu ikasleen euskararen erabilera eta kalitatea hobetzeko eta euskararekiko atxikimendua bultzatzeko.

Euskararen erabilera eta kalitatea hobetu eta harekiko atxikimendua handitzeko Ikastolen Elkarteak HUEZIrekin elkarlanean diseinatutako proiektuan parte hartzen ari da Betiko ikastola. Epe luzeko egitasmoa da, uzta urte batzuk barru emango duena.    

Bide horretan, emaitzen arrazoiak ezagutu eta egoera iraultzeko plan bat diseinatu beharra zegoela ikusi genuen, eta horri ekin zion Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko HUEZIrekin elkarlanean. Badira bi ikasturte proiektu bat diseinatu genuela, eta iaz bederatzi ikastolatan abian jarri genuen, Betiko ikastola barne. Proiektuak helburu zehatza dauka: gure irakas-ikaskuntza prozesuan egin ohi ditugun praktika hezitzaileengan arreta jarriz, irakasle-ikasle zein ikasleen arteko elkarrekintzak aztertzea, idatzizko eta, batez ere, ahozko ekoizpenean eragiteko asmoz. 

Epe luzekoa den proiektu honek uzta urte batzuen buruan emango du, sakon errotuko den metodologia baitu oinarri, baina jada lehen fruituak ikusten hasiak gara, erabilerak gorako joera xumea hartu baitu.

Erabileraren liderren bila

Euskararen erabilera aipatuta, EUSLIDER egitasmoak ere berau areagotzea du helburu, horretarako ikasleak eurak ahaldunduz. AEKrekin elkarlanean, proiektu honen bidez Betiko Ikastolako DBH 3ko zenbait ikasle "euskararen erabileraren lider" bihurtuko dira, ostean ikaskideak haien erreferentziapean euskaraz mintza daitezen. Berdinkideen artean gauzatzen diren proiektuak eraginkorragoak direla sinetsita, EUSLIDER berriek etorkizun hurbileko euskaldun erabiltzaileen kopurua biderkatuko dutela ziur gaude.

Ildo berean, EUSLIDER egitasmoa ikasleek jada osatzen duten Euskara Batzordea osatzera dator. Ikasle borondatetsuz osatutako talde honek ere euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta horretarako ikasleak adostasunean oinarritutako erabaki lotesleak hartzeko gai dira. Gau Literarioa, Euskararen Eguna, Euskal Zineforuma, Olentzeroren eta Mari Domingiren Eguna, Euskaraldia eta bestelakoak prestatu eta antolatzeko ardura dauka Euskara Batzordeak, eta ikasleak ahalduntzeko bitarteko ezin hobea ere bada. Gure hizkuntza, kultura eta ohiturei begiratzen die, eta etorkizuneko erronkak uztartzen ditu haiekin.

Euskararekiko iruditeria lantzen

Horrekin batera, Ikastolen Elkartean ikasleen euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua indartzeko proiektu bat behar zela ondorioztatu genuen, eta beharrizan horri erantzunez iaz Pulunpa egitasmoa garatu genuen. Aurten lehen urratsak eman ditu eta Betiko Ikastolako DBH 1eko ikasleak izan ditu protagonista. Funtsean, ikasle horien euskararekiko iruditeria zein den, zein sentipen eragiten dien, euskarazko kultur ekoizpen orotarikoen erreferenteak zein diren edota gure ohituren inguruko aurrezagutzak zein diren hausnartu dute. Baina ez hori bakarrik, aste horretan, abestu, jolastu, antzerkia egin, hunkitu dira, barre egin dute; azken finean, euskaraz eta euskararen bitartez sentitu egin dute.

Ikus daitekeenez, Betiko Ikastolan euskararen erabilera sustatzeko jorratzen gabiltzan bideak ugari eta zehatzak dira. Gure eguneroko jardunean euskara dugu zutabe eta ardatz nagusia. Gure seme-alabentzat Euskal Herri euskalduna nahi dugu, euskaraz bizi, ikasi, jolas, lan egin ahal izango duten herri bat irudikatzen dugu.

Orain dela 54 urte helburu horrekin jaio ginen, eta urte horietan, guztion lanari esker, euskararen egoera asko aldatu da. Dena dela, gaur egun oraindik ere gure hizkuntza kaleetan, bihotzetan, ahoetan bizirik irauteko lan handia egin behar dugu. Denok batera lanean jarraitzeko gonbita luzatzen dizuegu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun