2023ra arte egongo da indarrean Udalak onartu berri duen Immigrazio eta Bizikidetza II. Plana, eta gizarte-kohesioa hobetzea izango du helburu besteak beste. Hiru ardatzetan oinarrituko da: kanpotik etorritakoei harrera hobetu eta Udalarekiko elkarrekintza arinagoa sustatzea; kulturen arteko bizikidetza bultzatzea; eta immigrazioaren arloan Leioako Udalaren erantzuteko gaitasuna hobetzea.
Planak hamazortzi jarduera aurreikusten ditu helburu horiek lortzeko. Azaldu dutenez, hainbat eragileren ekarpenak kontuan izanda osatu dute: udal-sailak, gizarte-eragileak eta herritarrak, bertan nahi atzerrian jaiotakoak.
Migrazio-datuak
2001tik 2018ra bitartean, atzerritar jatorrikoen kopurua 660tik 2.535era igo da Leioan. Hau da, %375eko igoera. Denbora-tarte berean bertan jaiotakoen populazioa ere handitu da, baina ez neurri berean: 26.676tik 28.369ra, alegia %6. Udalerriaren joera, migrazioaren hazkundeari dagokionez, Bizkaikoaren eta EAE osokoaren pare dago.