San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteek eta Auzotarrok Kultur Elkarteak aurkeztutako alegazioetatik, lehenengoak dio "behin ere ez dela justifikatu aukeratutako kokagunea denik onena ekipamendu berria [kiroldegi pribatu bat] eraikitzeko". Haien esanetan, hiri-ordenamenduan "hain aldaketa handia" egitearen zergatia azaltzera behartzen du legeak, eta kasu honetan ez da halakorik egin.
Aldaketa handi hori inor konturatu barik egin gura izatea salatu dute elkarteok alegaziootan: "Azken helburua ez da aldatu; zoru ez-urbanizagarria birkalifikatzea, bertan eraikitzea ahalbidetuz, izaera pribatua eta irabazteko asmoa dituen jarduera baterako". Kexu dira Atutxa SL enpresa sustatzaileak aurkeztutako proiektuak ez dituela kontuan hartzen ez Leioaren bilakabide logikoa ez eta herritarren beharrizanak eta interesak ere.
Bestalde, mugikortasun-azterketarik egin ez izana ere (behin kiroldegia eraikita auto pribatuaren erabilera areagotuko dela salatu dute) aipatu dute proiektua bertan behera uzteko arrazoi modura, besteak beste. Alegazioakaz batera, egitasmoaren aurka SOS Kurkudi plataformak bildutako 3.000 inguru sinadura aurkeztu dituzte (horietatik 1.800 change.org webgunearen bidez).
"Etorkizunean mendixka osoa urbanizatzea da helburu nagusia"
Auzotar elkarteen antzeko arrazoiak eman ditu bere alegazioetan EH Bilduk. Koalizioaren esanetan, "eremuaren birkalifikatzea noizbait Kurkudiren magal osoa urbanizatzeko asmoz egindakoa da". Hala ere, gaur egun indarrean dagoen HAPOa (2001ekoa) onartu zenetik ingurua babes bereziko izendatzeko arrazoiak aldatu ez direla uste du EH Bilduk, eta nabarmendu du kiroldegiaren proiektua justifikatzeko beharrezkoak liratekeen hainbat txosten (biodibertsitatearen babesaz, paisaiaren gaineko eraginaz...) ez direla egin.
Bestalde, bai auzotarren elkarteek bai EH Bilduk adierazi dute Leioan indarrean dagoen HAPOa iraungita dagoela daborduko, eta haren errebisioa egin arte ezin dela bere edukia moldatu, EAEko Zoru Legearen arabera. Honenbestez, kalifikazio-aldaketa ez litzateke gauzagarri legediaren aldetik. Koalizioak, gainera, bere alegazioetako batean azpimarratu du egitasmoak are zentzu txikiagoa duela Pinosolon kirol-instalazio berriak egiteko prozedura administratiboa martxan dagoela kontuan hartuta. "Instalazio horiek nahikoa izan beharko lukete Leioako herritarrek kirol-ekipamendu nahikoaz gozatzeko, kantitatez zein kalitatez, eta gainera publikoa eta herritar gehienentzat irisgarria".
Alegazioak aurkeztu dituzte ere Gobela Ibaiak Kaltetutakoen Elkarteak eta Equo alderdi politikoak. Azken horrek adierazi du Kurkudirako aurreikusitako proiektua guztiz desegokia dela "klima-larrialdia bizi dugun honetan", besteak beste ibilgailu pribatua gehiago erabiltzea eragingo lukeelako, gauzatzekotan. Inguruko biodibertsitateari egingo zaion kaltea ere aipatu dute.