Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eta Iban Rodriguez Leioako alkateak egin dute obra hasiberrien aurkezpena. Rodriguezek adierazi du La Avanzadako "trafikoa hobetu eta leioaztarren bizimoduetan duen eragina murrizteko" erakunde biek elkarlanean garatu gura dituzten jarduketetako bat dela gaur azaldutakoa. "Epe laburrean udalerria zeharkatzen duten ibilgailuen kopurua ahalik eta gehien murrizteko" beste neurri batzuk ere lantzen dabiltza bateko eta besteko teknikariak, Rodriguezen berbetan.
Hori lortzeko aurreikusi den azpiegiturarik handiena, zer esanik ez, itsasadarraren azpitik igaroko den tunela da. Zortzi urte inguru falta dira, ordea, hura erabilgarri egoteko, eta bien bitartean "Arrontegiko zubirako alternatibarik ezak eragiten dituen arazoak arintzeko" jarduketak egin beharko direla azpimarratu du Imanol Pradales ahaldunak. Gaur aurkeztutakoari dagokionez, Pradalesek zehaztu du helburua 800 metroko tarte bat (argazkian beraren eta Rodriguezen atzeko aldean ikus daitekeena) berrantolatzea eta haren edukiera handitzea dela; Getxorako noranzkoan Artatzako biribilgunera ailegatu aurreko azken tartearena, hain zuzen.
Lanek zazpi hilabete iraungo dutela iragarri dute, fase bitan banatuta. La Avanzadako tuneletik biribilgunera bitartean, gaurko errei bien ordez, hiru egotea da asmoa. Horretarako, kendu egingo da Suhiltzaileen Parkeen lotuneko stopetik enbor komunera sartzeko aukera, eta bide hori baliatuko da hirugarren erreia egiteko. Bestalde, albotik sartzen den beste bidetik enbor komugaz bat egiteko tartea gaurko 100 metroetatik 170era luzatuko da. Aurkezpenean azaldu dutenez, modu horretan arindu egingo dira Leioatik etorrita errepide nagusira sartzen direnak autobidetik datozenak baino askoz astiroago ibiltzearen ondorioz sortzen diren pilaketak. Lanetarako aurreikusitako gastua 1.126.368 eurokoa da.