Itsasadarraren azpiko tunela

Tunelaren ibilbidea aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak; 300 eta 400 milioi arteko kostua izango du proiektuak

Unai Brea 2020ko urt. 14a, 13:09

Imanol Pradales eta Unai Rementeria, ibilbidearen planoak erakusten. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Artatzako eta Ballontiko biribilguneak lotuko ditu itsasadarraren azpitik egingo den tunelak, eta 3.037 metroko ibilbidea edukiko du, Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez. Proiektua idazteko aurrekontua 10,5 milioi eurokoa izango da, eta lan osoarena, 337 eta 404 milioi bitartekoa, aukeratzen den eraikuntza-metodoaren arabera.

Aldundiak erabaki egin du zein izango den Ibaizabal azpiko tunelaren trazatua, eta prentsaurrekoan aurkeztu dute Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Adierazi dutenez, zituzten hiru aukeraren artean luzeena (3.307 metro) baina itsasadarraren azpitik ibilbide laburrena duenaren alde egin dute. Zehazki, 200 metro egingo ditu tunelak ur azpitik, eta beste aukeren kasuan 520 eta 530 metro egingo zituen, hurrenez hurren. Kasu bietan, tunelaren guztizko luzera 200 metro inguru gutxiagokoa izango zen.

Diputatu bien esanetan, "sakontasuna, arroka asko egotea eta lurzoru, lur ase eta ur gutxi egotea" hartu dira kontuan ibilbidea zehazteko. Tunela egingo den lurra ezagutzeko daborduko 200 zundaketa inguru egin dituztela azaldu dute; hala ere, azterketa gehiago egin beharko dira oraindino, zehatz-mehatz jakiteko zein material-mota induskatuko den eta horretarako eraikuntza-metodorik egokiena zein den erabakitzeko. Aukeratzen den metodoaren arabera, proiektuaren guztizko aurrekontua 337 eta 407 milioi euro bitartekoa izango da. Eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa indarrean dago gaurdanik. Horren aurrekontua 10,5 milioi eurokoa izango da, eta esleipena lortzen duen enpresak 33 hilabete izango ditu lana burutzeko. Eraikuntza, berriz, 2028an amaitzea aurreikusi dute.

Oraindino hobeto ezagutu behar diren zoruaren ezaugarrietako bat, adierazi dutenez, Lamiakoko lokatz-eremuaren izaera da, "alde hidrogeologikotik eta geoteknikotik". Aldundiaren berbetan, "ahalik eta gehien murriztu behar da arazoak eman ditzaketen lekuetatik igarotzea". Horretarako beste zundaketa-kanpaina bat egingo dute, "aurrekoa baino sakonagoa".

Uribe Kostan hiru irteera

Tunelak 14.000 ibilgailu kenduko ditu egunero Avanzadako errepidetik, 18.000 Max Centerreko zuzengunetik, eta 35.000 Arrontegiko zubitik, Diputazioaren kalkuluen arabera. Zubi horretatik, hain zuzen, gaur egun egunero 140.000 ibilgailu igarotzen direla azaldu dute. Uribe Kostari dagokionez, tunelerako sarrera Artatza inguruan egongo da, baina gidariek ez dute biribilgunean sartu beharrik izango tunelean sartu ahal izateko.

Ezkerraldetik datozen gidariei, berriz, hiru bide eskainiko zaizkie Artatza ingurura ailegatzear daudenean: Zugazarte, Avanzada, eta Uribe Kostako korridorea. Dena dela, eraikuntza-proiektua garatu ahala aldaketak egon litezke irteera-bideei dagokienez, ohartarazi dutenez.

Multimodalitatea

Unai Rementeriaren esanetan, Aldundiaren asmoa da tunela "ez dezatela autoek bakarrik erabili", eta azpiegitura bestelako garraiobideentzat ere izatea gura lukete. Hala ere, ez dute gai horretaz zehaztapen handirik eman. Aukera denak zabalik daudela eta Aldundia "mugitzeko beste forma batzuk barnean sartzeko" gai izango dela iragarri dute, beste barik. "Horretarako, aztertu egingo da zein den aukerarik onena ikuspuntu sozialetik, ekonomikotik, eta ingurumenarenetik", gaineratu du Rementeriak. 

Erlazionatuak

Kristoren zuloa

Unai Brea 2020 urt 17 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun