Mundu osoko 500 proposamen baino gehiago aztertu eta gero, hurrengo edizioan parte hartuko duten 43 konpainiak daborduko aukeratu dituztela iragarri dute Leioako Umore Azokaren antolatzaileek. "Koronabirusaren krisiak zalantzan eragin badu ere, azken unera arte saiatu behar dugu Azoka egin dadin, udalerrian eta arte eszenikoen sektorean duen inpaktu positiboa dela eta", adierazi dute, eta sektore horri hain zuzen, gaur egungo egoerak kalte handia eragiten diola gogorarazi dute. Printzipioz, maiatzaren 14tik 17ra bitartean egitekoa da jaialdia.
Jaialdiaren Batzorde Artistikoak Euskal Herriko hogei konpainia, Espainiako Estatuko hamazortzi eta beste herrialdeetako bost aukeratu ditu 2020ko Leioako Umore Azokan parte hartzeko. Azken horiek Kenyatik, Ukrainatik, Japoniatik eta Frantziako Estatutik (2) etorriko dira Leioara.
Emaitza "programa ikusgarri, original eta askotarikoa" da, antolatzaileen esanetan. Denera, 115 emanaldi eskainiko dituzte 43 konpainia horiek, lau egunean. Horietako asko estreinaldiak izango direla nabarmendu dute, gainera. Zehazki, hogei estreinaldi absolutu egingo dira, eta Espainiako Estatu mailako beste lau.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.