Aldundiak gaur amaitu du Leioan Avanzadako galtzada (BI-637) berrantolatzeko egiten ari den obraren lehen fasea; alegia, tunelaren eta Artatzako biribilgunearen arteko zatia. Aldundiak 1.126.368 euro inbertitu ditu obra horretan, eta, haren bidez, bide-segurtasuna hobetu nahi du, baita Getxorako noranzkoko zirkulazioa arindu ere, Avanzadako erdiko enborraren ahalmena handituz eta zirkulazioa oztopatzen duten faktoreak kenduz. Beste jarduketa batzuen kasuan bezala —Kukularrako lotuneko berrantolaketa eta Gurutzeta eta Arrontegi arteko tartekoa, adibidez—, obraren helburua da Arrontegiko zubiaren ordezkorik ez egoteak eragindako arazoak konpontzea, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko obra amaitu bitartean.
Lehen faseko lanak pasa den urtarrilean hasi ziren, eta tunelaren eta suhiltzaileen lotunearen arteko zatian exekutatu dira, Getxorako noranzkoan. Tarte horretan, bi errei zeuden Avanzadako erdiko enborrean, eta beste bi, alboko bidean; ondorioz, zirkulazioaren trentzatze-mugimenduak gertatzen ziren, zeinek zirkulazioa moteltzen zuten intentsitate handieneko uneetan eta istripu-arriskua gehitu.
Egindako jarduketari esker, erdiko enborrak hiru errei ditu tunelaren irteeratik, eta, alboko bidean, errei bakarra utzi da, trentzatze-mugimenduak kentzeko. Halaber, alboko bidetik erdiko enborrera sartzeko mugimenduak erraztu eta arintzeko, handitu egin da itxaroteko gunea. Hain zuzen, lehen 100 metro zeuden; orain berriz, 170 metro. Gainera, kendu egin da suhiltzaileen lotunetik Avanzadara sartzeko bidea; mugimendu hori stop batetik egin behar zen, eta, beraz, zirkulazioaren arintasuna ukitzen zuen beste faktore bat zen.
Lehen fase honen lanak egiteko, saiatu da ahalik eta gorabehera gutxien sortzen zirkulazioan, intentsitate handieneko uneetan. Oro bat, ingurunean bizi diren pertsonei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, lan gehienak egunean zehar egin dira. Hala ere, azken obrak, hau da, fresatze-, asfaltatze- eta pintatze-lanak bost gauetan egin behar izan dira. Izan ere, obra horiek egiteko, beharrezkoa zen errepidea guztiz ixtea eta zirkulazioa alboko bidetik eta Leioako Boulevardetik desbideratzea. Egunean zehar ezinezkoa izango zen desbideratze hori egitea, tarte horretan oraindik ere dagoen zirkulazio-bolumenagatik, nahiz eta erabiltzaile-kopurua nabarmen gutxitu den koronabirusari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoeran.
Obraren bigarren fasea hastear
Datorren astean helduko zaie bigarren faseari dagozkion lanei; Leioatik Artatzako biribilgunerako sarbidean jardungo da fase horretan. Daborduko exekutatuta dagoen fasearekin lotzeko, suhiltzaileen lotunearen eta Artatzaren arteko tartea zabalduko da, bi erreitik hirura; hala, handitu egingo da biribilgunera sartzen diren ibilgailuetarako itxarote-gunearen ahalmena.
Gainera, ikusgarritasuna hobetzeko eta biribilgunera sartzeko mugimendua arintzeko, handitu egingo da Uribe Kosta - Avanzada mugimenduan biribilgunearen azpiko tuneleko trintxeraren gaineko zona estalia. Horrek aukera emango du lekuz aldatzeko tunel hori gaur egun estaltzen duten euste-langak, galtzadaren ezkerreko ertzean daudenak; izan ere, langa horiek mugatu egiten dute biribilgunera sartzen diren gidarien ikuste-eremua.
Hala, bada, bigarren fasearen jarduketa bikoitz honek xede du segurtasuna hobetzea eta zirkulazioaren arintasuna handitzea Artatzako biribilguneko sarbideetan, faktore horrek Avanzadako gainerako zatian auto-ilarak sortu baititzake zirkulazioaren intentsitate handiko momentuetan. Lehen fasean bezala, honetan ere jarduketa baliatuko da drainatzea eta argiztapena hobetzeko eta zorua berritzeko.