Koronabirusa Uribe Kostan

Aurtengo Umore Azoka, bertan behera

Unai Brea 2020ko api. 14a, 13:33

Iazko edizioko irudi bat. © UMORE AZOKA

Azken momentura arte bideak bilatzen saiatu arren, 2020an Umore Azokarik ez egitea erabaki du Leioako Udalak, osasun-krisia dela eta. "Erabaki gogorra da, asko kostatu zaigu hartzea, baina egungo egoerak ez digu beste aukerarik utzi", adierazi du Iban Rodriguez alkateak.

Maiatzaren 14tik 17ra zen egiteko Umore eta Kaleko Artisten Azokaren 21. edizioa, baina koronabirusa gailendu da azkenik. "Leioa udalerri arduratsua da, eta beste ezeren gainetik pertsonen segurtasuna dago”, esan du Rodriguezek. Bestalde, pandemiak sortutako egoeran ezinezkoa izango litzateke ekimena ohiko moduan egitea.

Azokaren arduradunek azaldu dutenez, alarma-egoerak muga asko ezarri dizkie taldeei euren lanak prestatu ahal izateko. Kontuan izan beharra dago 25 estreinaldi zeudela iragarrita edizio honetarako, "baina konpainiek zailtasun handiak izan dituzte euren sorkuntza lan berriak aurkezteko, eta logistika-kontuak kudeatzeko".

Beste horrenbeste esan daiteke Leioara etortzen diren artista guztiak artatzeko azpiegiturez: lo egiteko eta jateko lekuak, antezpeneterako behar diren egiturak... "Horiek ezinbestekoak dira eta une honetan ez dira erabilgarriak". Honenbestez, datorren urterako hitzordua egin dute daborduko: hogeita batgarrena, 2021ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun