Koronabirusa Uribe Kostan

Leioako Udalak hiru maskara emango dizkio herritar bakoitzari

Unai Brea 2020ko api. 21a, 11:20

Leioaztar bakoitzari KN95 motako hiru maskara bidaliko diote, doan, "kalera irtetean segurtasuna bermatzeko". Udalak jakinarazi du OMEk gomendatutako maskara horien sail handi bat erostea erabaki duela, eta herritarrei hiruna emateaz gain sorta bat gordeko dutela "udaleko lantaldeen beharrak asetzeko". Banaketa hogei egun barru inguru hasiko dela iragarri dute, maskarak orduan jasotzea aurreikusten baitute.

Zehaztu dutenez, banatuko diren maskarak KN95 motakoak dira, eta FFP2 modura sailkatuta daude. Berba lauakaz esanda, kanpoko airea iragazten dute, partikulak, bakterioak eta birusak atxikiz, "%95eko eraginkortasunagaz". Erabiltzen dutenek gainerako pertsonak kutsatzea eragozteko ere balio dute.

Etxez etxe banatuko dira maskarak, erabiltzeko eta ondo desinfektatzeko argibideakaz batera, Udalean jaso bezain laster. Horretarako hogei egun inguru itxaron beharko dela adierazi dute. Bestalde, umeentzako maskara bereziak lortu guran dabiltzala azaldu dute udal-iturriek, "baina horiek eskuratzea ez da hain erraza". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun