"Berbetan bazaude edo eztul egiten baduzu baina ez indar handiz, partikulak metro eta erdira ailega daitezke"
"Distantziaren kontua partikulen dispertsioaren gaineko ikerketetan oinarrituta dago", dio Quindósek, "berbetan bazaude edo eztul egiten baduzu baina ez indar handiz, jaurtitzen dituzun partikulak, handi samarrak izan ohi direnak (baina ez begiz ikusteko bezain handiak, 100 mikra ingurukoak), metro batera edo metro eta erdira ailega daitezke". Eztul gogorraren kasuan distantzia hori metro bikoa izan daitekeela gehitu du EHUko irakasleak, eta doministikuakaz, berriz, askoz urrunago heltzen direla partikulak: sei metro inguru.
"Kasuen %99an metro eta erdira edo gehiez bi metrora ailegatuko dira partikulak; dena den, argi dago, zenbat eta urrunago, seguruago", gehitu du Quindósek; "baina beste pertsonak ez badu arnasbideetako gaitz baten sintomarik, distantzia laburragoa izan daiteke".
Maskara noiz?
"Sarritan galdetu didate maskaren balioaz, eta erantzun ohi dut egoera ideal batean, maskarak erruz ditugula, den-denok erabiltzeko adina... bada, balio dute behintzat arnasbideakaz kontaktua duten birioi [birusaren partikula bakoitza] kantitatea txikiagoa izan dadin, benetan airean balego", azaldu du katedradunak.
Pertsona batzuek argi eta garbi maskara erabili behar dutela dio Quindósek: gaixoakaz harreman zuzena dutenek (osasungintzako langileak, zaintzaileak...), kutsatuta egon litezkeenakaz egoten direnak (poliziak, etab.). "Besteontzat ez da beharrezkoa. Hala ere, maskara bat duzu eta erabili gura duzu? Ondo. Hori bai, kontuan izanda batetik babesa ez dela %100ekoa, eta bestetik erabiltzen jakin beharra dagoela".
"Egongo garen leku gehienetan birusa airean egoteko probabilitatea oso txikia da"
Segurtasun handiko maskara batek erabateko babesa eskaintzen du. "Litekeena da ehun birioitik bakarra pasatzen uztea, edo agian ezta hori ere; kirurgia-maskara batek, berriz, segurenik erdiei utziko die igarotzen, eta etxean egindakoak are gehiagori. Kanpotik datorrenerako baino, norberak botatzen duenerako dira hesia. Beraz, hemen ez erabiltzea gomendatzen da [EAEn garraio publikoan dabiltzanentzat milioi erdi maskara banatuko direla jakin baino lehen eginda dago elkarrizketa hau], egongo garen leku gehienetan birusa airean egoteko probabilitatea oso txikia baita".
Gaixoen geletan ere, airean ia birusik ez
"Arazoa da ez dakigula zein den infekzioa eragin dezakeen dosia, hau da, zenbat birioi diren nahikoak pertsona bat gaixotzeko"
Ildo horretatik, Singapurren eta Txinan argitaratutako ikerlanak aipatu ditu Guillermo Quindósek. "Koronabirusak kutsatutako gaixoen geletan neurketak egin dituzte, eta airean ez dago ezer, ez bada gaixoarengandik oso hurbil; eztul egin eta minutu gutxira birusa airetik desagertzen da, gainazaletara doa eta han geratzen da. Eta leku zabaletan, oso kondizio egokiak egon behar dira birusak airean minutu gutxi batzuk irauteko, 20-25 graduko tenperatura, %40ko hezetasuna... Arazoa da ez dakigula zein den infekzioa eragin dezakeen dosia, hau da, zenbat birioi diren nahikoak pertsona bat gaixotzeko. Dena dela, gripearen kasuan bezala, gauzak ukitzea da kutsatzeko bide nagusia, ez airea. Eta hortaz, ez dago justifikatuta maskarak eroatea oro har".